Etiketak ezagutu eta interpretatzeko hitzaldia, gaur, Kultur Etxean

elgoibarren.net 2010ko aza. 23a, 14:36

 
Etiketen inguruko hitzaldiak hasiko du gaur (azaroak 23), Kontsumo Iraunkorraren eta Arduratsuaren I. Feriaren barruan, antolatu duten hitzaldi sorta. Arropen, ontziratutako elikagaien, haragien, eta janarien etiketa orokorrak ezagutu eta behar bezala interpretatu ahal izateko argibideak eskainiko dituzte lehen hitzaldian.
Bestalde, Udal ordezkariek Elgoibar Berdea kanpaina dela-eta Conama Fundazioak emandako saria jasoko dute bihar Madrilen.


  Kontsumo iraunkorra ardatz hartuta, bost hitzaldi eskainiko dituzte gaurtik eguenera bitartean Kultur Etxean. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Kontsumo Gelak zentroak eskainiko du lehen hitzaldia: "Etiketen arloa", gaur, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Kultur Etxean.

Datozen hitzaldiak
Biharko (azaroak 24) hitzaldian kontsumo arduratsua eta kontsumismoaren ondorioak aztertuko dituzte. Eguenean (azaroak 25), berriz, tokiko eta garaiko sukaldaritza ekologikoa, batetik, eta, kontsumo osasuntsu eta arduratsuarekin lotutako ereduak, bestetik, landuko dituzte bi hitzalditan. Eta, eguna amaitzeko, sukaldari batek tokiko eta garaiko elikagai ekologikoekin prestatutako jakien dastaketan parte hartzeko aukera izango da.

Elgoibar Berdea saritua

1706639360834 Etiketak ezagutu eta interpretatzeko hitzaldia, gaur, Kultur Etxean

Conama Fundazioak herri txiki eta ertainen iraunkortasuna saritzeko antolatutako II. Lehiaketan sari bat: 5.000 eta 30.000 biztanleen arteko atalean lehen accesita, hain justu, eskuratu du Elgoibarko Udalak, Elgoibar Berdea ekimenari esker. Aurkeztu ziren 135 proiekturen artean Elgoibar Berdea ekimenaren “berrikuntza, helburuak, helburuak gauzatzeko metodologia, ahalegina eta, besteak beste, lortutako emaitzak” hartu ditu aintzat lehiaketako epaimahaiak. Argazkian, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea, gainerako alkateekin, eguaztenean (azaroak 24), Madrilen egin zen sari banaketa ekitaldian.