140 euro ordaindu beharko dira garabiak autoa eramanez gero

elgoibarren.net 2010ko aza. 25a, 10:58

 
Garabiak autoa eramanez gero, 140 euroko isuna izango da arinena aurrerantzean: 90 euro isunarena berarena eta 50 euro garabiaren erabilerarena. Orain arte 97,5 euro ordainduta berreskuratu zitekeen autoa.

 
 

  Garabiak automobila eraman badigu, garabiaren gastua eta isuna ordaindu beharko ditugu berriro ere hartzeko. Lehenik, ibilgailuak bide publikotik eramateagatik kobratzen den zerga ordaindu beharko dugu. Udal zerga eta tasak eguneratu (%2,1 igo dituzte 2011rako), eta osoko bilkuran onartu ostean, 70 eurotik 90 eurora igo dute zerga horren zenbatekoa Elgoibarren. Garabiaren erabileragatik ordaindu beharrekoak ere gora egin du: 27,5 eurotik 50 eurora. Eta hainbateko bat gehitzen zaio automobil gordailuan igarotako egun bakoitzeko. Elgoibarko kasuan hogei euro egun bakoitzeko.

 Aurrekoak 1.000 kilotik beherako ibilgailuei ezarriko zaizkien zergak dira. Gainerako ibilgailuentzat, berriz, 2010eko tasa eta zergak dira indarrean daudenak. Hala, 1.000 kilotik gorako ibilgailuak bide publikotik eramateagatik 105 euroko zerga kobratuko dute eta 45 euro motorrak eramateagatik. Zepoa jartzeagatik, azkenik, 25 euro kobratuko ditu Udalak.

  Gogoratu, bestalde, joan zen urriaren 16an jarri zela indarrean trafikoa arautzen duen ordenantza berria. Besteak beste, isunak gogortu eta garestitu egin ditu ordenantza berriak.