Hamar urte dira euskararen erabilera eta ezagutza enpresa barruan bultzatzeko Danobaten Euskara Plana martxan jarri zutenetik. Ordutik, urtero ospatzen dute euskararen eguna. Aurten, baina, ospakizunak aurreratu egin dituzte, egutegiak abenduaren 3a zubi luze batekin lotzeko aukera ematen duelako, eta hala, barixakuan (azaroak 26) ospatuko dute eguna.
Iaz bezala, herri kirolekin hasiko dituzte ospakizunak. 17:30ean ikastolako frontoian elkartuko dira, eta han, pilotan, lokotx batzen, sokatiran... jardungo dute langileek, elkarren arteko lehian. Ekintza hori, halere, irekia izango da, eta edonor joan daiteke herri kirol demak ikustera.
•Bertso afaria Egañarekin eta Fredi Payarekin
Herri kirolak amaitutakoan, 20:00ak aldera, poteoa hasiko dute, trikitilariak lagun hartuta, eta gauean, 21:30ak inguruan, bertso afaria izango dute Zubi-ondo gastronomia elkartean. Punta-puntako bertsolariak gonbidatu dituzte afaritara: Andoni Egaña Euskal Herriko txapeldun ohia eta Fredi Paya. Hala ere, eta iazko esperientzia kontuan hartuta, ziur Danobateko langileek ere lagunduko dietela kantuan.
•Denbora pasen orria
Bestalde, Elgoibar Ikastolako, Herri Eskolako, Ispasterko eskolako eta Danobateko bazkideen seme-alabentzako denbora-pasen orria ere prestatu dute, euskara ez dela esparru jakin batera mugatu behar gogorarazteko. Danobatek diseinatu du orria, baina hiru ikastetxeetako hezitzaileen onitzia jaso du. 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako denbora-pasak dira, lau-bost ariketakoak. Martitzenean batuko dituzte lan guztiak, eta parte hartu duten guztien artean hiru bizikleta zozketatuko dituzte eguaztenean, abenduaren 1ean.
Era berean, Euskararen Nazioarteko Egunean enpresak ohartarazpen bana bidaliko die langile guztiei, euskararen eguna dela gogorarazteko, eta beste hainbat ekintza ere izango direla aurreratu dute.