Udalak euskarazko produktuen katalogo berria banatuko du herritarren artean

elgoibarren.net 2010ko abe. 3a, 13:05

 
Urte garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria, hamahirugarrena alegia, kaleratu du Elgoibarko Udalak, Euskal Herriko 135 toki erakunderekin batera. Aipatzekoa da, guztira, 200 udal baino gehiago izan direla ekimen honetan parte hartu dutenak.



 Hurrengo egunotan katalogoaren 2.000 ale banatuko dira gure herrian: gehienak, herriko ikastetxeen bitartez, baina baita euskaltegietan, liburutegian eta jostailu eta liburu dendetan ere. Euskal Herri osoan, bestalde, katalogoaren 240.000 ale banatuko dira, etxeko haur eta gaztetxoek euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan dezaten.

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu katalogoaren aurtengo edizioak.

 Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, DVD filmak, informatika, aldizkariak, liburuak, jostailu eta jokoak, gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa ere egiten da.
 
 Katalogoa sarean kontsultatzeko bi aukera daude: www.katalogoa.org web gunean edota Elgoibarko Udalaren www.elgoibar.org web gunean, hain zuzen, Euskara Sailaren atalean.

 Iazkoaren ildotik, aurtengo katalogoan ere, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, produktu horien saltokietara iritsi, eta bertatik erosteko. Urte osoan zehar bizirik eta eguneratuta izateko helburuarekin sortu da gunea. Horiek horrela, argitaletxeek aukera izango dute produktu berriak sartzeko eta katalogoz kanpo gelditu direnak kentzeko. Urte osoan zehar kontsultatu ahal izateko leku bat izango da beraz, eta irakurleek, iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jolasteko hautatu dituzten produktuen inguruan.
 
 Urtero bezala, kanpaina honen bidez, hizkuntzaren transmisioan eragin nahi da, gurasoei euren seme-alabentzat lagungarri izango diren euskarazko produktuen berri emanez.