Kantauri: ikuspegiak eta begiradak argazki-erakusketa abenduaren 23ra arte Kultur Etxean

elgoibarren.net 2010ko abe. 10a, 15:05

 
Ongarri argazkilari taldeak Kantauri itsasoari buruzko erakusketa antolatu du, Euskalnatura elkartearekin batera. Bost argazkilariren obraren parte batek Kantauri itsasoaren edertasuna erakustea du xede; hartara, itsasoaz gozatu ez ezik, haren inguruan zerbait gehiago jakiteko bide bihurtzen da argazkia. Gaur (abenduak 10) inauguratuko dute erakusketa, eta hilaren 23ra arte egongo da ikusgai, Kultur Etxean.




  Ongarrik bigarren urtez jarraian prestatu du erretratu erakusketa Euskalnatura, Euskal Herriko Zientzia eta Naturaren atariarekin elkarlanean. Iaz, Euskal Herriko ingurunean bizi diren ugaztunak izan ziren erakusketako protagonistak, eta aurten Kantauri itsasoa eta bertako animaliak izango dira.
 Kantauri itsasoko ikuspegiak eta bertako animalien begiradak jasoko dituzte, 26 argazkitan. Bost argazkilariren lanak bilduko dituzte: Alex Iturrate, Nano Cordovilla eta Jesus Villalba argazkilari ezagun eta sarituen urpeko argazkiak izango dira batetik, eta Peio Romatet eta Luis Llavoriren kostaldeko irudiak, bestetik. Argazki guztiek informazio-fitxa bat dute, eta bertan, inguruneari edota espezieari buruzko xehetasunak eta berezitasunak irakurri ahal izango dira. Testuak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira, eta espezieen izenak frantsesez eta ingelesez ere bai. Horrez gain, argazki-erakusketa marearteko inguruneari eta Kantauri itsasoaren egiturari buruzko bi informazio-panelek osatzen dute.
  • Lekua: Elgoibarko Kultur Etxea.
  • Datak: 2010eko abenduaren 10etik 23ra.
  • Egunak: Astelehenetik zapatura, 19:00etatik 21:00etara
  • Antolatzaileak: Ongarri A.T., Elgoibarko Udaleko Kultura Saila eta Euskalnatura.

Argazkia: Jesus Villalba.

Argazkia: Nano Cordovilla.