Orain gutxi World Chesse Awards nazioarteko sarietan Urrezko Gazta saria eskuratu duen Mausitxako gaztagile elgoibartarrek ere ez dute hutsik egingo herritarren aurrean jokatuko den txapelketan. Mausitxakoek Araiako eta San Bartolome jaietan Elgoibarren egiten diren lehiaketak irabazi dituzte aurten.
2010 urtean lehiaketa gehien irabazi dituen gaztagilea, J. Aranburu elkartea, izango da txapeldunen artean txapela eskuratzeko faborito nagusienetakoa, 2010ean zazpi txapel eskuratu eta gero: Legazpi, Ordizia, Hondarribia, Bilbo, Gernika, Eibar eta Euskal Herriko Txapelketak irabazi ditu Aranburu elkarteak. Nagusitasun horixe da, hain justu, sei gaztagilek bakarrik parte hartzearen arrazoia.
Udaletxeko pleno aretoan jarraitu ahal izango du, nahi duen orok, Gabon Zahar Feriaren barruan egingo den urteko gaztarik onenaren aukeraketa. 11:30etik aurrera epaimahaikideen lana zuzenean ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sari banaketa 13:00ak alderako egitea espero dutela aurreratu dute antolatzaileek, Elgoibarko Udalak eta Kalamua elkarteak.
•Afaria Belaustegi jatetxean
Bestalde, aurreko urteetan hasitako ohiturarekin jarraituz, Aiastia (San Migel) auzoko Belaustegi jatetxeak afaria antolatu du datorren zapaturako (abenduak 18). Bertan, Idiazabal gaztarekin egindako bost plater dastatu ahal izango dira. Janariaren lagungarri, berriz, Faustino upategiko ardoak izango dira. Enologo batek, gainera, janaria eta ardoa nola uztartu behar diren azalduko du. Afarira joateko 55 euro ordaindu behar dira. Interesatuek Kultura Sailean (943 742 158) eta Belaustegi jatetxean (943 743 102) eman dezakete izena. 100 lagunentzako lekua dago.
∞Lotura duten albisteak:
- 1.500 euroko saria urteko gaztarik onenarentzat (2008-12-11)