"Kalean jende askok esan digu izena emateko gogoa duela, baina, momentuz, oso gutxi dira izena eman duten taldeak", azaldu du Iban Gonzalezek, 2010eko Koadrilen Arteko Gabonetako Txapelketa antolatzen ari diren lagunetako batek.
Torneoa jokatu ahal izateko hamabi taldeko gutxieneko muga jarri zuten antolatzaileek, baina zortzi edo hamar talderekin ere aurrera egingo dutela jakinarazi dute. "Pena Handia emango ligukeen arren, zortzi talde baino gutxiago apuntatzen badira bertan behera laga beharko genuke. Jarri ditugun sariekin ez lukeela mereziko uste dugu". Antolakuntzan laguntzeko prest dagoen jende asko hurbildu zaiela ere jakinarazi dute antolatzaileek. "Eskertzekoa da jaso dugun laguntza, baina parte hartzeko prest dagoen jendea da orain behar duguna".
1991n egin zen estreinakoz Koadrilen Arteko Gabonetako Txapelketa, eta 1999 urtekoa izan zen azkenengoa. Hurrengo urtean, 2000 urtean, bost taldek bakarrik eman zuten izena eta bertan behera laga behar izan zuten. Koadrilen arteko txapelketa hark, urterik onenetan izan zuen giroa eta xarma berreskuratu nahi izan du aurten Elgoibarko Xake Taldeak. Egindako deiari jendeak erantzutea falta da orain.