Mendizaletasuna hizpide, kirol sariak banatzeko ekitaldian

elgoibarren.net 2010ko abe. 16a, 10:13

 
Lasterketak mendizaletasunaren parte dira ala ez? Galdera horri erantzuten saiatuko dira kirol federatuen sariak banatu aurretik egingo den mahai-inguruan. Luis Alejos (ondoko argazkian) idazle eta mendizalea izango da parte hartuko duten solaskideetako bat. Abenduaren 21ean banatuko dituzte sariok.

 
 Abenduaren 21ean, datoren martitzenean, banatuko dituzte aurtengo kirol federatuaren sariak. Musika Eskolako auditorioan izango da ekitaldia, 19:30ean hasita, eta azken urteetan bezala, sariak banatu aurretik mahai inguru bat egingo dute. Iaz Juan Mugerza krosaren oraina eta iragana izan zen moduan, aurten mendizaletasuna izango da mahai-inguruko gaia: Lasterketak mendizaletasunaren parte dira ala ez?.
 Honako lagun hauek parte hartuko dute eztabaidan: Mikel Valdiviesok, Ehunmilak ultramaratoiko antolaketa batzordeko presidenteak, Pyrenaica mendi aldizkariari lotuta dagoen Luis Alejos mendizale eta idazleak, Maite Maiora antxitxikari mendaroarrak, eta Andoitz Agirregomezkortak, Morkaiko Mendizale Elkarteko presidenteak.

•Kirol klubeei errekonozimendua
  Solasaldia amaitu ondoren banatuko dituzte 2010eko kirol sariak. Udal Kirol Patronatuak herrian dauden 17 kluben lana aintzat hartu eta klub bakoitzeko kirolari zein kirolaren alde lanean diharduten hainbat lagun sarituko ditu.