Astelehenian hasi zan eta Europa Jauregixa (pelikulak ikusteko gunia) bete-bete einda zauan. Aurten 3. Zinemaldixa da eta egixa esan urtetik urtera asko hazi da bai antolakuntzan zein jende kopuruan ere. Lehenengo eguna zala eta, astia ondo hasteko sekulako iluntzia izan genduan. Sarrera gisa, Banff-eko (Kanada) eta Torelló-ko Mendi Zinemaldixak irabazi ditxuan pelikula zoragarrixa: The Asgard Project. Ikusteko aukeria izanez gero, ez galdu aukera hori! Protagonista bezala, Carlos Suarez eta Dean Potter eskalatzailiak izan genitxun Gasteizen bertan.
Gero, Poloniarren Himalaya etorri zan, 80. hamarkadan izan zuten arrakasta handia erakutsi zigun dokumental modukoa. Bertan puntako alpinismoan jardun duten handienak agertzen ziren: Jerzy Kukuczka, Kristof Wielicki, Andrzej Czók, Artur Hajzer...
Eta azkenik, Euskal Herri mailako “la creme, de la creme” esaten dana. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza udaberrixan Broad Peak-eko 3 tontorretan burututako ekintza paregabea aurkezteko izan genitxun Europa Jauregixan (Broad Peak 2010).
Martitzen, eguazten eta eguenian ere primerako saioak izan zian, baina hauetaz gauzarik interesgarrixenak aipatuko dizkizuet, asko ere ez luzatzeko (informazio guztia Mendi Film Festival -en webgunean).
Martitzenian Erhard Loretan izan genuen eta ni behintzat liluratuta utzi ninduen, hau bai pertsona jator eta apala. Jannu North Wall ikus-entzunezkoa aurkeztu zigun eta ondorengo galdera-erantzunetan oso ondo aritu zen. Egun hauetan, Noticias de Gipuzkoa egunkarian berari egindako elkarrizketa interesgarria plazaratu da eta esaten dituen gauzekin erabat bat natorrenez, esteka hementxe uzten dizuet, irakurri nahi duenarentzat.
Eguaztenian, Karina Hollekim norvegiarraren alaitasunak alaitu zuen Gasteiz, irribarrea ez baizitzaion ahotik kendu. 20 seconds of joy ikus-entzunezkoa aurkeztu zigun, freeride eskia eta “salto basearen” inguruan.
Azkenik atzo, eguena, ia 4 ordu luzatu zen saioa izan genuen, baina ni behintzat oso gustura egon nintzen, maila handia izan baitzen. Hasteko, 2 alemaniar gazteren freeride eski zoroa izan genuen, gorputza apurtzeko moduko jaitsierekin (Traum leben). Ondoren, Ignacio Galindez zuzendariaren A Patagonian Tale pelikula izan genuen, sentimenduz beteriko bidaia baten kontaketa.
Atzoko saioan momenu bat azpimarratu behar banu, Sebastián Álvaro zuzendari ezagunaren sarrerako hitzekin gelditzen naiz. Sebas 30 urte luzez egon da TVE-rekin lanean, mendizaletasunaren eta bidaiarako grinaren kultura Espainiar estatuan zabaltzen. Al Filo de lo Imposible urte askoan izan genuen igande gauetako telebista-programa gustukoena. Baina berak esan zigun bezala “fui muerto en mi propio éxito”, eta badira urte batzuk kaleratua izan zela. Berak ordea, amorrua eta gorrotoa alde batera utzi eta amaierarik onena eman nahi izan dio Al Filo de lo Imposible-ri. Horretarako, 5 lagun eta tontorrik maitatuena elkartu eta lanari ekin zioten, atzo ikusi genuen Piedra de Luz pelikulan. Protagonistak, gaur egun gure artean ditugun himalayista onenetarikoak: Ferran Latorre, Jose Carlos Tamayo, Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza. Tontorrari buruz, Gasherbrum IV esatearekin, dena esanda dagoela uste dut. Benetan hunkigarria eta merezi duen filma da, sentimenduz betea eta merezitako agurra duena. Ez galdu ikusteko parada!
Azkenik, poloniar artista bat izan zen hizlari: Kristof Wielicki. Kristof bosgarrena izan zen zortzimilako guztiak lortzen eta gaur egun espedizio poloniar asko zuzentzen ditu. Berak Polish winter himalaya exploration ikus-entzuna aurkeztu zigun, hau da, poloniarrek neguan egindako ekintzak Himalayan. “Los hombres de hielo” izendapenaren zergatia ongi merezia dutela erakutsi zigun baina mozkortzeko parada ere izaten zuela gaineratu zuen.
Egia esan egun itzela izan zen atzokoa, eta oraindik gelditzen dena ere galduezina izango da. Gaur adibidez, Kilian Jornet handiaren Kilian’s Quest edo Edurne Pasabanen Annapurna: la clave pelikulak izango dira.
Bihar, Horia Colibasanuren presentzia izango da eguneko plater nagusia. Horia, Iñaki Otxoa de Olzari buruz arituko da, Iñakiren gertuko beste hainbat protagonistarekin batera.
Datorren astean Hervé Barmasse (izotz eskalatzailea) eta Pou anaiak izango dira Gasteizen, lehena astelehenean, eta bigarrenak martitzenean.
Animatu, gertutasun handiko zinemaldia baita eta protagonistekin hartu-emana izateko aukera handia izaten da.