'Elgoibar Urban Show' hip-hop ikuskizuna, gaur Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2010ko abe. 17a, 12:38

 
Izen handiko dantzariek eta Elgoibarko Dance&Smile taldeko gazteek kaleko kulturaren erakusleiho bihurtuko dute, gaur (abenduak 17), Elgoibar. Herriko Antzokian eskainiko dute hip-hop kale kulturari buruzko ikuskizun berritzailea, 20:30etik aurrera. Herriko Antzokian bertan eskuratu ahal izango dira sarrerak, 8,5 eurotan.

 

  Bost talde igoko dira oholtzara: Dance Day, Angel Martin telebistako Fama saioko lehenengo edizioko dantzaria. Crazy Hospital Bilboko breakers taldea, Asier Estankonaren Riu proiektua eta Dance&Smile. Kale kulturaren munduan izen eta ospe handiko taldeak dira lehenengo laurak, eta bosgarrena, berriz, Maria Escobedoren Elgoibarko ikasleek osatutako taldea da. Escobedo bera izan da, hain zuzen ere, Elgoibar Urban Show ikuskizunaren bultzatzaile nagusia. Dance Day taldeko kide moduan ere igoko da Herriko Antzokiko oholtza gainera dantza egitera Escobedo.
 Iaz hasi zen Escobedo Elgoibarren dantza eskolak ematen, eta urtebeteren buruan, lau ikasle izatetik 23 ikasle izatera iritsi dira. Kiroldegian ematen ditu eskolak, eta interesa dutenek han eman dezakete izena, edo  m_dance-andsmile@hotmail.com helbidera idatzita.
 Gaur Herri Antzokian eskainiko duten ikuskizuna eta gero, bertan parte hartuko duten dantzari guztiekin, jai handi bat egingo dute Toletxe tabernan. “Herritar guztiak daude gonbidatuta”, azaldu du Escobedok. Bihar, hilak 18, berriz, master class bana emango dute Angel Martin eta Maria Casas dantzariek Olaizaga kiroldegian.


 
Lotura duten albisteak: