Musika eskoletako ikasleek Gabonetako kontzertuak eskainiko dituzte Mendaron eta Elgoibarren

elgoibarren.net 2010ko abe. 21a, 11:32

Mendaroko Ameikutz musika eskolako ikasleek Gabonetako kontzertua eskainiko dute, gaur (abenduak 21), San Agustin kulturgunean. Bihar (abenduak 22), berriz, musikari elgoibartarren txanda izango da. Inazio Bereziartua musika eskolako ikasleek parrokian eskainiko dute Gabonetako kontzertua. Bertan, gainera, Manolo Santos, Musika Eskolako Batzorde Nagusiko lehendakaria izan dena omenduko dute, urteetan eginiko lanaren errekonozimendu gisa.


 Ameikutz musika eskolako ikasleen kontzertua 19:00etan hasiko da eta 60 musika ikaslek parte hartuko dute bertan. Bederatzi taldetan banatuta dozena bat abesti joko dituzte, horietako batzuek, Gabon kutsukoak, sasoiari dagokion moduan. Sarrerarik ez da ordaindu behar, baina San Agustin kulturgunean (Garagartzan) lekua mugatua denez, sarreren txartelak aurrez eskuratzea gomendatzen dute antolatzaileek. Honako telefonora deituta lor daitezke doako sarrerok: 619 306 493.

 Inazio Bereziartua musika eskolako ikaslek ere, urtero bezala, ikasturtean ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izango dute Gabonetako kontzertuan. San Bartolome parrokian izango da, eguaztenean, 20:00etatik aurrera.