Euskadiko selekzioak Sanloko zortzi jokalari deitu ditu

elgoibarren.net 2010ko abe. 21a, 12:54

Jubenil, kadete eta infantil mailetako zortzi eskubaloi jokalari elgoibartar hautatu dituzte Euskadiko selekzioarekin Espainiako Txapelketan parte hartzeko. Infantil eta kadete mailako nesken Euskadiko selekzioek, gainera, partida bana jokatuko dute, abenduaren 30ean, Elgoibarren.
Sanlok, bestalde, eskubaloian trebatzeko ikastaroa antolatu du Gabonetarako.


 Caceresen (Extremadura) jokatuko den Espainiako Txapelketara joan aurretik, Elgoibarren jokatuko dute azkenengo prestakuntza partida infantil eta kadete mailako Euskadiko selekzioek. Elgoibarko bi talderen aurka neurtuko dituzte indarrak. Infantilen mailako norgehiagoka 15:30ean hasiko da, eta 17:00etan Elgoibar eta Euskadiren arteko kadete mailako lehia. Olaizaga kiroldegian jokatuko dira bi partidak abenduaren 30ean (eguena).

 Jubenil mailako nesken Euskadiko selekzioak, berriz, Leonen jokatuko den Espainiako Eskubaloi Txapelketan parte hartuko du urtarrilean. Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deitu dituzten zortzi jokalariez gain, Lorea Gabilondo eta Igor Lizarralde entrenatzaile elgoibartarrek infantil nesken mailako Euskadiko selekzioa entrenatzeko deia jaso dute. Maddi Mendibil eta Nora Kortaberria jokalari elgoibartarrak izango dituzte euren aginduetara. Honako hauek dira Euskadiko selekzioarekin arituko diren Sanloko zortzi jokalariak:
  • Euskadi (jubenil neskak): Maite Bollar, Ane Urain eta Ainhitze Etxeberria.
  • Euskadi (kadete neskak): Garazi Osoro eta Zuriñe Konde.
  • Euskadi (nfantil neskak): Maddi Mendibil eta Nora Kortaberria.
  • Euskadi (infantil mutilak): Koldo Errasti.
Argazkiak:

Garazi Osoro eta Zuriñe Konde.

Maddi Mendibil eta Nora Kortaberria

Koldo Errasti.

 
Eskubaloian trebatzeko ikastaroa Gabonetan
 Bestalde, eskubaloian trebatzeko ikastaroa antolatu du Sanlo eskubaloi taldeak Gabonetarako. 2001. urtean jaiotako gaztetxoentzako. Izen handiko entrenatzaileek emango dituzte eskolak, abenduaren 27an eta 28an eta urtarrilaren 3an eta 4an, 15:15etatik 17:00etara. Ikastaro horietan Elgoibarko gaztetxoez gain, Mendaroko eta Debako neska-mutilek ere parte hartu ahal izango dute, beti ere aurrez izena emanda (abenduaren 17an itxi zen izena emateko epea). Mendaroko eta Debako gaztetxoak euren herrietako tren geltokietan batuko dituzte Sanloko begiraleek, eta entrenamenduak amaitu ostean, jasotako lekuan bertan entregatuko dituzte.
 Juanma Lopez Asobal ligako jokalari, Arrateko entrenatzaile eta Euskadiko jubenilen hautatzaile izandakoak emango du estreinako eskola, abenduaren 27an. 28an, berriz, Pablo Aranzeta gaur egungo Arrateko entrenatzailearen txanda izando da. Urtarrilean, berriz, Jose Ignacio Altube eta Imanol Alvarez etorriko dira, eskolak ematera. Jose Ignacio Altube Atletico Madrilgo, Arrateko eta Bidasoako jokalaria eta Euskadiko selekzioko hautatzailea izandakoa da Altube, eta egun Ereintza taldeko entrenatzailea da. Imanol Alvarez, berriz, Arrate eta Barakaldo taldeetan jokatutakoa da, eta gaur egun Arrateko lehenengo mailako taldea entrenatzen du.