Oparia 2011ko lehen ume jaio berriarentzako

elgoibarren.net 2011ko urt. 3a, 14:47

 
Zenbait ume ogia besapean dutela jaiotzen direla esan ohi da. Bada, 2011. urtean jaioko den estreinako elgoibartarrak ogia ez, baina arropaz eta garbitasunerako produktuz beteriko otarra bat jasoko du opari moduan, EAJko Elgoibarko Uri Batzarrari esker. Antzinako ohitura bat berreskuratu nahi izan du alderdi jeltzaleak ekimen honekin.

 

  Haur jaio berrien 2.500 euroko txekea -2.500 euroko diru laguntza jaiotako edo adoptatutako ume bakoitzeko- bertan behera geratu eta gero, 2011n jaioko den lehen elgoibartarra, gutxienez, ez da esku hutsik ailegatuko. Izan ere, EAJko Elgoibarko Uri Buru Batzarrak XX. mende hasierako ohitura bat berreskuratu nahi izan du eta otarra bat oparituko dio herriko lehen ume jaio berriari.
1932ko argakia abiapuntu
 Batzokiko pareta batean zintzilik dagoen goiko argazkia izan da ohitura hori berreskuratzeko abiapuntuetako bat. Iñaki Gorostiza da bertan ageri den haurra, 1932. urtean Elgoibarren, eta baita Gipuzkoan ere, jaio zen lehen haurra, hain zuzen ere. Candida Arregi, ama pontekoaren besoetan ageri da Iñaki Gorostiza San Bartolome parrokiaren atarian, 1932ko urtarrilaren 5ean, ateratako erretratuan. Pepita Garate, haurraren izeba da eskuinaldean dagoen emakumea. Gizonezkoa, berriz, Maximo Conde da, Elgoibarko EAJko Uri Batzarreko sasoi hartako lehendakaria, eta, kasualitatez, haurraren aita besoetakoa ere bai.