Pilarreko zahar etxeak aurreikusitakoa baino altuera txikiagoa edukiko du

elgoibarren.net 2011ko urt. 3a, 15:43

Udal agintariek Foru Aldundiko arduradunekin egin duten batzarraren ostean, Pilarreko zahar etxearen proiektua zehaztu dute. Hasierako aurre proiektuarekin alderatuz – ondoko argazkian ikus daitekeen irudi muntaia bat ere aurkeztu zuten- eraikinak izango dituen hiru dorreek altuera galdu dutela da proiektu berritik azpimarragarriena. 180 lagunentzako lekua izango du zahar etxeak.


 180 plazetatik 120 zahar etxerako bideratuko dira. Eguneko zentroak 30 lagunentzako lekua izango du eta, azkenik, buruko gaitzak dituzten gaixoentzako unitateak 25-30 lagun inguru hartuko ditu.

 Beharrak zehaztu ostean, eraikina beharretara egokitu dute arduradunek. Hala, esku artean zerabilten aurre proiektuak aldaketak izan ditu, eta eraikinaren tamaina txikitu dutela izan da ondorio nabarmenena, “aurre proiektu hark pertsona bakoitzeko metro koadro gehiegi aurreikusten zituelako txikitu dute orain proiektua”, azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak. Urasandi auzoko etxeetatik gertuen dagoen dorreak, hortaz, goiko argazkian ikus daitezkeen pisuak baino bat gutxiago izango du, eta erdiko dorreak ere pisu bat galduko du. Mendi magalean dagoen dorreak, aldiz, bi pisu gutxiago izango ditu.

  Urbanizazio lanek ez dutela aldaketarik jasango eta aurreikusi moduan egingo direla argitu du Etxeberriak. Orain hitzarmena idazteko lanean ari direla gaineratu du herriko alkateak. 2011n hasi nahi dituzte zahar etxe berria egiteko lanak eta 2014rako amaitzea aurreikusten dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Markel Olano Ahaldun Nagusiaren bitartez, bestalde, Pilarreko zahar etxearen lanak 2011n hasi daitezen aurrekontu orokorretatik 1,5 milioi euroko diru laguntza bideratuko duela aurreratu zuen.

Lotura duten albisteak: