Leonard Komon, iazko irabazlea, Mugerza kroseko irteeran izango da

elgoibarren.net 2011ko urt. 12a, 11:48

 
Leonard Komon, Mugerza krosa birritan (2008an eta 2010ean) irabazi duen antxitxikari kenyarra Mintxetako irteeran –urtarrilaren 23an- izango dela baieztatu dute Mintxeta Atletismo Taldeko arduradunek. Munduko bi errekor hautsi ostean, sasoiko ailegatuko da Elgoibarrera. Datorren martitzenean, urtarrilaren 18an, aurkeztuko dute Juan Mugerza Nazioarteko krosaren 68. edizioa udaletxeko pleno aretoan. (bideoa dauka)


  Iazko Mugerza krosean lortu zuen garaipen argia eta gero, laugarren postua eskuratu zuen Leonard Komon kenyarrak Joseph Ebuya herrikideak irabazi zuen munduko kros  txapelketan, Polonian.

1706639265675 Leonard Komon, iazko irabazlea, Mugerza kroseko irteeran izango da

Komonejk 20 urte zituenean irabazi zuen 2008ko Mugerza krosa. Antxitxikari argal, bizi eta ezezagun hark ezustean harrapatu zituen zale zein arerio gehienak. Europan ezagutzera eman zen Komon garaipen hari esker eta lotura berezia dauka ordudanik Elgoibarko krosarekin. 2009koan ere etorri zen, baina azken orduan ailegatu zen, nekatuta, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Abshiro etiopiarrak irabazi zuen proban. Iaz arantza kendu eta garaipen handia lortu zuen. Aurten hirugarren garaipenaren bila etorriko da Elgoibarrera.
 Joan den udazkenean lortu dituen emaitza ezin hobeak ikusita, Elgoibarko krosa irabazteko faborito argienetakoa izango da, beste behin. Munduko bi errekor ondu eta gero etorriko da Mugerza krosera. Utrecht-en (Holanda) 10 kilometrotako errekorra hautsi zuen 26 minutu eta 44 segundoko denborarekin (Ikusi probaren bideoa Youtuben). Hamar kilometroko proba 27 minutuz azpitik egitea lortu duen lehen gizona da kenyar gaztea. 15 kilometroko marka ere hobetu du (41:13) Komonek, hau ere Herbereetan, Nijmegen hirian, hain zuzen ere.

1706639265741 Leonard Komon, iazko irabazlea, Mugerza kroseko irteeran izango da

Aurkezpena urtarrilaren 18an
  Urtarrilaren 18an, martitzena, 12:30ean, egingo dute Juan Mugerza Nazioarteko krosaren LXVIII. edizioaren aurkezpena udaletxeko pleno aretoan. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak, Iñaki Ugarteburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren kirol zuzendariak, Kutxako ordezkariak eta beste laguntzaile batzuek parte hartuko dute aurkezpenean. Bertan argituko dituzte aurten etorriko diren atleta garrantzitsuenen izenak eta krosaren inguruko xehetasun guztiak. (ondoko argazkian aurtengo kartela)
 
2010eko Mugerza krosa, irudietan{vimeo}8991145{/vimeo}