Segidan, bertan bildutakoek euren iritzi eta ekarpenak aurkezteko eta Maite Etxaniz diputatuarekin partekatzeko aukera izango dute. Deialdia irekia da, hala ere bertan parte hartu nahi dutenek, 943 112 290 zenbakira deitu edo gipuzkoaeraikitzen@gipuzkoaeraikitzen helbidean mezua uztea besterik ez dute.
Gipuzkoa Eraikitzen izeneko ekimena Aldundiaren kudeaketa herritarrekin partekatzeko eta aztertzeko helburuarekin sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehatz-mehatz, uztailaren 2an onartu zen Gizarte Parte Hartzeko Foru Arauaren lehenengo ekimena da Gipuzkoa Eraikitzen. Gipuzkoako diputatuak nahiz foru zuzendariak herrietako talde eta herritarrekin bilduko dira otsaila bitartean, herritarrei kudeaketa planaren exekuzioa eta emaitzak helarazteko eta haien iritzi eta ekarpenak jasotzeko.
Bilera hauetara herri bakoitzeko hainbat talde eta elkartetako kideak gonbidatuko ditu Diputazioak. Bertako arduradunen esanetan, era guztietako talde eta herritarrekin elkartzea eta zuzenean haien ekarpenak eta iritziak jasotzea da helburua. Hortaz, formatu txikiko topaketak egingo dituzte. Dena den, herritarrek aukera izango dute intereseko zaien gaien inguruko bilerak proposatzea Diputazioari, eta dagokion diputatuarekin bilera antolatzeko eskaerak onartuko ditu foru erakundeak.
•Zazpi helburu
Foru Aldundiak landuriko Kudeaketa Planean 7 helburu zehaztu zituen: mugikortasun aurreratua eta komunikazio azpiegiturak indartzea, lurralde oreka mantentzea, lurralde oreka zaintzea, gure nortasuna eta kultura babestea, gipuzkoarren ongizatea bermatzea, lehiakortasuna handitzea eta bakea eta normalizazioa lortzea. Foru Aldundiko iturriek jakinarazitakoaren arabera, aipatu Kudeaketa Planean finkatutako helburuetatik %87,6 beteta zeuden 2010eko ekainean; %12, 4, berriz, betetzeke.
Bitarte horretan, gainera, Krisiaren Aurkako Plana jarri du abian Diputazioak, eta ehun milioi euro bideratu ditu horretara. Besteak beste, hiru obra publiko aurreratu dira, 182 berrikuntza proiektu martxan jarri dira, 181 gazte kualifikatu kontratatu dira, minusbaliotasun baztertze arriskuko 5.500 pertsona laneratu dira, hamar enpresa eta 27 proiekturen nazioartekotzea lortu da, eta zortzi azpiegitura teknologiko sustatu dira.
Parte-hartzea bermatzeko eta hurbiletik herritarren iritzia ezagutzeko galdetegi bat pasa zaie ekitaldietara joandako herritarrei. Gipuzkoaren etorkizuneko proiektua diseinatzeko Aldundiak kontuan hartuko ditu galdetegian ateratako emaitzak, eta prozesua amaitzean memoria bat osatuko da emaitza horiekin, eta publikoki aurkeztuko, partaide guztiekin elkarbanatzeko. Galdetegi horrezaz gain, gipuzkoaeraikitzen@gipuzkoaeraikitzen.net posta elektronikoa eta gipuzkoapartehartzen.net webgunea ere herritarren eskura daude euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko. Informazio hori zabaltzeko beste zenbait kanal ere ireki dira: Facebook, Twitter edota Youtube esaterako, Zure Herrian erabiltzaile-izenpean.
Argazkia: Juantxo Egaña.