•Antzerkirako sarrerak agortuta
“Vaya Semanita” antzezlanaren emanaldiarekin hasiko dira, gaur (urtarrilak 14) ekintzak. Bi saio eskainiko dituzte Glu-glu produkzioak taldeko antzezleek: 20:00etan eta 22:15ean. Bietarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
“Vaya Semanita” antzezlanaren emanaldiarekin hasiko dira, gaur (urtarrilak 14) ekintzak. Bi saio eskainiko dituzte Glu-glu produkzioak taldeko antzezleek: 20:00etan eta 22:15ean. Bietarako sarrerak agortuta daude dagoeneko.
•San Anton Torneoko bigarren finalerdiak
San Anton pilota txapelketako bigarren finalerdiak jokatuko dira gaur, 22:00etatik aurrera, Ikastolako frontoian. Bi elgoibartarrek, Arribillagak promesa mailan eta Eneko Loiolak nagusietan parte hartuko dute bertan. Promesetan Arrieta eta Aizpuru bikoteak Arribillaga eta Murgiondo izango dituzte aurrez aurre. Nagusietan, bestalde, Andreu (Azkoitia) eta Aldape (Mallabia), Uriarte (Abadiño) eta Loiolaren kontra arituko dira.
Joan zen astean jokatu ziren lehenengo finalerdiak. Promesetan, Muguruza eta Resusta bergararrek 22-10 irabazi zieten Lizarralde eta Ugalderi, eta hortaz, finala jokatzeko txartela eskuratu zuten. Nagusietan, berriz, Atxotegi eta Jauregi plaentxiarrek osatutako bikoteak lortu zuen finalerako sailkapena, Belloso eta Bolinaga 11 tantotan laga eta gero. Urtarrilaren 21ean, barixakua, jokatuko dira San Anton pilota txapelketako finalak, 22:00etatik aurrera.
•Trial erakustaldia eta Efren Vazquezen bisita
Euskal Motoziklismo federakuntzak 2010eko txapelketei dagokien sari banaketa ekitaldia egingo du zapatuan, 11:00etan hasita, Herriko Antzokian. Eta, segidan, Ibon Zorrilla Espainiako txapeldunak eta Jaime Busto Europako txapeldunek trial erakustaldia eskainiko dute Madalako parkean.
Sari banaketa ekitaldian parte hartuko dutenetako bat izango da Efren Vazquez pilotua. 2010 urteko 125 zentimetro kubikotako munduko motoziklismo txapelketan 5. postua eskuratu du pilotu bizkaitarrak.
•Fernando Ansola eta Juan Mari Andonegi akorduan zigilu erakusketan
Fernado Ansola futbolari ohia eta Juan Mari Andonegi Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteari estuki lotutako gizona omenduko ditu aurten Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak. Fernando Ansola (1940-1986) gazte hil zen, 46 urterekin, baina kirol ibilbide luzea izan zuen. 1960ko martxoaren 27an debutatu zuen Lehenengo Mailan, Oviedo taldearekin. Gero, Betis, Valentzia eta Realean ere jiokatu zuen eta Espainiako selekzioaren elastikoa ere jantzi zuen, harik eta 35 urterekin futbola laga zuen arte.
Juan Mari Andonegik, bestalde, pasioa zuen Elgoibarrekiko, eta filatelia elkarteak editatutako hainbat liburu idatzi zituen. Zapatuan, 12:00etan, (urtarrilak 15) zabalduko dute filatelia erakusketa, eta hilaren 23ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxean. Ordutegia: aste barruan: 19:00etatikl 21:00etara, eta jaiegunetan: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara.
•Jose Antonio Osororen agurra
Jose Antonio Osoro “Katxoren” agurreko kontzertua izango da domekan (urtarrilak 16) Elgoibarko Udal Musika Bandak Herriko Antzokian (12:30) eskainiko duena.
Elgoibarko Udal Musika Banda zuzentzeari lagako dio Katxok, 27 urteren ostean. “Ohore handia” izan dela banda zuzentzea adierazi du Osorok elgoiBARREN.net atariari eskainitako elkarrizketan.
•Big-Band astelehenean
Musikari elgoibartarrez osatutako Big-Band Experience taldeak kontzertua eskainiko du hilaren 17an, San Anton Egunean, Herriko Antzokian, 12:30ean. Hamar bat pieza joko dituzte, denak ere jazz ukitukoak. Hala ere bossa nova, funk-a, latin jazz-a eta beste estilo batzuk entzuteko aukera ere izango da. Kontzertua doan izango da.
•“Irribarreen paradisua” dokumentala
Jairo Berbel elgoibartar gazteak astelehenean estreinatuko du, Herriko Antzokian (19:00) Kongon jasotako irudiekin osatu duen “Irribarren paradisua” dokumentala. Hilaren 21ean ere egongo da ikusteko aukera, 22:15ean.
- Ikusi hemen: Informazio osoagoa eta dokumentalaren aurrerapena
•Umeentzako parkea eta buruhandiak
Erraldoi eta buruhandiak domekan aterako dira kalejiran, 18:00etatik aurrera. Astelehenean, berriz, Plaza Handian egongo da umeentzako parkea (euria bada, Ikastolan). Ordutegia: 11:30-14:00 eta 16:30-19:30.
Azkenik, San Bartolome parrokian dagoen jaiotza mekaniko ikusteko azken eguna urtarrilaren 18a izango da.