1984ko Errege Egunean, urtarrilaren 6an, zuzendu zuen estreinakoz Jose Antonio Osorok Udal Musika Banda. Katxok berak aurreko astean gogora ekarri zuen moduan (Ikusi bideo-elkarrizketa) Ricardo Doradoren Simba izan zen, orduko hartan, bere zuzendaritzapean Bandak jo zuen lehenengo pieza. 27 urte beranduago, pieza berarekin esan zion agur zuzendari karguari, Udal Musika Bandak Herriko Antzokian, domekan, eskaini zuen kontzertuan. Bandak jo zituen piezen gainetik, baina, Herriko Antzokia bete zuten 400 lagunen txalo zaparradek osatu zuten sinfoniarik ederrena. Txalo zaparrada luze eta indartsuak jaso zituen Katxok Bandaren alde eginiko lanaren ordainetan. Antzokian bildutakoek eserlekuetatik altxatu eta txaloka agurtu zuten.
Katxok zuzendutako azken piezaren amaieran Udal Musika Bandako zuzendari berriari, 27 urtez zuzendariordea izan den Txomin Mujikari, eman zion erreleboa orain arteko zuzendari izan denak. Batak besteari zuzendariaren batuta emanez irudikatu zuten erreleboa. Elkarri besarkada sentitu eta hunkigarria eman ostean, zuzendu zuen Mujikak lehen pieza. Estreinaldirako pieza berezia aukeratu zuen honek: bere lagun Katxoren omenez orain 21 urte konposatu zuen “Aupa Katxo”, hain zuzen ere. Eltziegoko dultzaineroen laguntza eduki zuen Bandak pieza horretan, gainera.
Domeka eguerdian leku itxi batean sartuta egoteko baino paseoan ibiltzeko eguraldi hobea egiten zuen arren, Udal Musika Bandak jarraitzaile fidelak dituela argi geratu zen, beste behin ere, Herriko Antzokia bete egin zen-eta. Inork ez zuen horren kontzertu seinalatua galdu nahi, eta banaka batzuk kanpoan geratu behar izan zuten lekurik ez zegoela-eta. Zuzenean entzuteak parekorik ez badu ere, Arrate Irratiak kontzertua grabatu zuen eta datorren domekan (urtarrilak 23) emango dute 12:30ean. Momenturik hunkigarrienak eta protagonisten adierazpenak, berriz, goiko bideoan ikusi eta entzun ditzakezue.
•Argazkiak:
{mosimage} |
•Bideoa: Jose Antonio Osorori elkarrizketa
{vimeo}18667786{/vimeo}