Ikasle euskaldunak parte hartzen ari dira aurten, estreinakoz, mundu mailan egiten den Lanbide Heziketako Euskoskills 2011 txapelketan. Espezialitate batzuk ere estreinakoz sartu dituzte lehian, IMHn burutuko diren CNC Tornu, Fresa eta CAD txapelketak, esate baterako. Lanbide Heziketako espezialitate edo skill bakoitzeko probak atalka (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 14 skill) egiten dira lanbide heziketako olinpiada delakoetan. Gero, erkidego guztietako finalistek Madrilen neurtuko dituzte indarrak, eta horietako batzuek Europako eta Munduko txapelketetan parte hartzeko sailkatuko dira.
Eusko Jaurlaritzak Tknika eta ikastetxeekin batera hartu zuen iaz, lagunartean “lh olinpiadak” bezala ezagutzen diren lehiaketak sustatzeko erabakia. Lanbide heziketako azokak ordezkatu dituzte olinpiadek. Euskoskills Olinpiadekin ikasleen motibazioan eragin nahi dute sustatzaileek, eta, aldi berean, probak ikusi ahal izateko ikastetxeak ateak zabaltzen dituztela aprobetxatuz, lanbide heziketa gertutik ezagutu nahi duten gazte, ikasle zein interesatuentzako aukera eskaintzea.
IMHko probak asteburuan
Arabakoen eta Bizkaikoen ostean, urtarrilean eta otsailean Gipuzkoako ikastetxeen txanda iritsi da. IMHko CAD, CNC Tornu eta Fresa probak urtarrilaren 21-22an egingo dira, Mekako automobilaren pintura otsailaren 4-5ean eta Don Boscoko automobilaren teknologia probak otsailaren 5ean.
IMHko probetan Andoain, Antzuola, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Eibar, Gasteiz, Legazpi, Lizarra, Urnieta eta Zumarragatik etorriko diren 18 ikasle-lehiakidek parte hartuko dute. IMHko hiru ikasle lehiatuko dira bertan, bakoitza proba batean. Ikasle horiez gain, baina, hamar irakasle buru belarri aritu dira lanean probak prestatzen.
Bestalde, Unceta enpresak laga dizkio IMHri euskoskills probak egin ahal izateko erreminta eta neurtzeko tresnak. Proba horiek ikusteko gogoa dutenek 943 744 132 telefono zenbakira deitu eta Amaia Ansolagatik galde egin dezakete.