Kiroldegia Mintxerara eramateko ideia “txisteratik” atera izana egotzi dio ezker abertzaleak Udalari

elgoibarren.net 2011ko urt. 20a, 18:33

Herritarren hitza entzun gabe, proiektuak nahierara eta “ezkutuan” onartzea leporatu dio ezker abertzaleak Elgoibarko Udalari. Ezker abertzaleak salatu du Hirigintza Plan Nagusia idazteko hartutako hiru urteetan ez dela kiroldegia Mintxetara eramateko proposamenik edo proiekturik aztertu, eta horrenbestez, proiektu hori “txisteratik” atera izana egotzi dio.


  Elgoibarko Ezker abertzaleak dio Plan Nagusian bertan Udalak Olaizaga Kiroldegia handitzeko asmoa jaso zuela, baina ez kiroldegia lekuz aldatzekoa.
  Anbulatorioa lekuz aldatzeko proposamenaren gainean, Irabanetan gune industriala egiteari buruz, eta Pilarreko proiektuaren gaian, Udala herritarrei bizkarra emanda ari dela salatu du ezker abertzaleak. Horren harira esan du Udalak ustez herritarren parte-hartzea sustatzeko egindako ekintzak “adar jotze hutsa” izan direla eta adierazpen horiek “alkatetzaren aurpegia garbitzeko” baino ez direla egin. “Ustezko partaidetza erabiltzen dute komeni zaienean herritarrek euren proiektu desarrollistak babesteko. (…) Azkenik, inor konturatu gabe, eurek nahi dituzten proiektuak ateratzen dituzte aurrera, erdi ezkutuan”, dio prentsara helarazi duten idatziak.

Krosaren museo-etxea lehen planoan dagoen belargunean, eta kiroldegi berria goikaldekoan eraikitzea aurreikusten du Plan Nagusian jasotako proiektuak.

“Mintxeta krosaren munduko erreferente”
  Bestalde, “Mintxeta krosaren munduko erreferente” bihurtzea dutela helburu azaldu zuen, beste behin, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak Mugertza krosaren aurkezpenean, joan den martitzenean egin zituen adierazpenetan. Hirigintza Plan Nagusi berria adosteko eztabaida prozesuan murgilduta daudela gogorarazi zuen, eta bertan aurreikusten diren aukeren artean, Kiroldegia Mintxetara lekuz aldatzea dela bat aipatu zuen, Plan Nagusiari buruzko erakusketaren aurkezpenean komunikabideei aurreratu ziena berretsiz.

  Mugertza krosaren harira Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketa batean, bestalde, Olaizaga kiroldegiak ez dituela herriko kirol talde zein erabiltzaileen beharrak asetzen adierazi du udal agintari nagusiak. “Olaizaga kiroldegia berritu eta handitu edo egun kiroldegia dagoen lur sailak saltzetik lortutako diruarekin, Mintxetan kiroldegi berri bat eraiki; horra hor gure zalantza”, dio alkateak elkarrizketa horretan. Kokagune baten zein bestearen indargune eta ahulguneak ere aipatzen ditu. Batetik, Olaizaga kiroldegia dagoen inguruak, herri barruan dagoenez, ez duela hazteko aukera gehiegirik eskaintzen, eta, bestetik, Mintxeta baino eskurago dagoela Olaizaga. Orain gutxi Basarte auzoan ipini dituzten eskailera mekanikoek eskaintzen duten antzerako irtenbideekin irisgarritasun arazoak konpon daitezkeela uste du Etxeberriak.
  Kiroldegia Mintxetara lekuz aldatzeko ideia estrategia ildo nagusiago baten barruan kokatzen du, hala ere, alkateak: Gaur egun Mintxetan dagoen kirol eskaintza oparoari kiroldegia, krosaren museoa eta kirolarientzako hotel bat gaineratuz gero, “Mintxeta krosaren munduko erreferente” bihurtuko litzatekeela uste du.

1706639258605 Kiroldegia Mintxerara eramateko ideia “txisteratik” atera izana egotzi dio ezker abert

Krosaren museo-etxea
  Krosaren museo-etxeak 1.560 metro koadro hartuko lituzke (goiko lehen argazkian ikus daiteke planoa). Ramon Mugica Udal Kirol Patronatuko zuzendariaren esanetan, turismora bideratutako ekipamendua izango litzateke. Elgoibarko krosaren historia, aire libreko kirola, osasuna eta ongizatea uztartuko ditu krosaren museoak. Mugertza krosaren historia gorde eta zabalduko ditu eta elgoibartarrek krosarekin duten erlazio historikoaren erakusleiho izango da.
 Gainera, “produktu berritzaile” honek, 30 logela bikoitzi esker, eliteko atletei ostatu emango die kros denboraldiak irauten duen bitartean. Alegia, Espainian zehar egiten diren krosetara joan-etorriak egiteko abiapuntu edo gune nagusia izango litzateke, atleta afrikarrentzat esaterako, Mintxetako kirol gunean kokatuko den krosaren museo-etxea. Sallobente bailara eta Mintxetako gainerako instalazioei esker sasoi puntua lortzeko aukera izango dute atletok, eta, gainera, mediku zerbitzua eta giharrak berreskuratzeko zentro bat ere bai.

  Gaur egun erreminta makina den modu bertsuan, Elgoibarren “ikur bereizle” izan nahi du krosaren museoak, Mugicaren berbetan. Bertan, “Mugertza krosaren hezur-muinak lokatza eta tradizioa direla erakutsiko dira. Krosaren historia bistaraziko duen leiho irekia izango da”.

  Estatuko krosen antolatzaileek (ANOC Fundazioa) bertan izango dute egoitza nagusia. Bidenabar, Mintxetan bertan aurkitzen den beste produktu turistiko bat indartuko du krosaren museo-etxeak: Debabarrena BTT Zentroa. Izan ere, Zentroak eskaintzen dituen 15 ibilbideetako bat egiteko asmoarekin Mintxetan dagoen harrera gunera hurbiltzen diren lagunek –frantziarrak, madrildarrak eta katalanak asko- ostatu erosoa izango dute eskura, Karakateko magalek eskaintzen duten ingurune paregabean.