Izan ere, Chebeten azken orduko baja -barixaku gauean jakin zuten Mintxetakoek Chebet ez zela etorriko- duintasunez ordezkatu ahal izan dute; iazko Mugertza krosean garaipena eskuratu zuen Frehiwat Goshu etiopiarrak hartuko du Chebet kenyarraren lekua. Goiko argazkian ikus dezakezue Goshu, 2010eko Mugertza krosean, Mintxetako helmuga lehen postuan zeharkatzen. Gaur (urtarrilak 22) egingo diete ongi-etorria aurtengo krosean parte hartuko duten antxitxikariei udaletxeko pleno aretoan. 19:00etan izango da.
•Micah Kogo Mintxetan izango da
Arestian aipatu moduan dena ez dira albiste txarrak. Gizonezkoen lasterketa nagusirako goi mailako atleta afrikar bat, Micah Kogo kenyarra, kontratatu ahal izan dute Mintxetakoek. Kogo Elgoibarrera ekartzeko "ahalegin handia" egin behar izan dutela adierazi dute antolatzaileek.
Hamar kilometrotako probako munduko errekorra zeukan Kogok, harik eta, joan den irailean Patrick Komon herrikideak marka hura ondu zuen arte, 26 minutu eta 44 segundoko denborarekin. Hortaz, Kogo errebantxa hartzeko motibatuta badator, Mintxetako zirkuitua bien arteko lehiaren antzoki paregabea izan daiteke, domeka honetan (urtarrilak 23), jokatuko den Mugertza krosean. 2008ko Pekineko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen Kogok hamar kilometrotako proban. Proba hura atletismo zale elgoibartarren aspaldiko lagun batek, Kenenisa Bekele handiak, irabazi zuen. Kenenisa Bekelek 2003ko Mugertza krosa irabazi zuen.
- Ikusi hemen: Mugertza kroseko irabazleen palmaresa
•Munduko txapelketara joateko zozketa
Juan Mugertza kroseko sarrera zenbakiarekin Punta Umbrian, Huelvan izango den 2011ko Munduko Kros txapelketara joan ahal izateko sarreren zozketan parte hartu ahal izango dela jakinarazi du Mintxeta atletismo taldeak. Datorren martxoaren 20an jokatuko da Munduko kros txapelketa.
- Informazio gehiago: puntaumbria2011.com