Aran bailaran lana eta gozamena uztartuz

elgoibarren.net 2011ko urt. 25a, 14:43

Pirinioetako bihotza izateaz gainera Aran bailara lagun askoren istorioak gordetzen dituen bazterra ere bada. Hain erakargarria ei da leku hau, jende askok erabaki duela bertan bizitzea. Horixe da Olaiz Txurruka elgoibartarraren kasua. "Etorri nintzen, engantxatu ninduen eta hementxe geratu naiz", dio Eitbko Mara-Mara saioak Aran Bailarari eskaini dion erreportajean. (bideoa dauka)


 Vielhako hotel batean lan egiten du harreragile moduan, baina lana eta gozamena ederki uztartzen ikasi du. Aukera duenean Baqueirako pistetara joaten da gehien gustatzen zaion kirola egitera: snowboard-a.
 Lehen haurtzaroa Mutrikun igaro zuen Olaiz Txurrukak, urte mordoa egin zituen gero Elgoibarren eta orain dela urte eta erditik hona Aran bailaran (Katalunia) bizi da. Aran bailara zapaldu zuenetik harekin maitemindu zen; “liluraturik laga ninduen”, dio.
 Noizean behin herrimin pixka bat sentitzen duela aitortzen duen arren, Euskal Herrira osteratxoa eginda sendatzen du: “Pilak kargatuta” itzultzen da Aran bailarara. Han mendiak eta elurra ditu zain (iturria: eitb.com).