Pako Iriondo: "Mendian ez da sekula behar beste jakiten"

elgoibarren.net 2011ko urt. 26a, 11:26

Omenaldiz omenaldi eta sariak pilatzen ari da azken aldian Pako Iriondo, Euskal Herriko Mendi Federazioko ohorezko presidentea. Joan zen ekainean Elgoibarko Udalaren eta Morkaiko mendizale elkartearen omenaldia (ondoko argazkian) jaso eta gero, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioaren omenaldia jaso berri du federazioaren gidaritza estreinakoz hartu zuenetik -1971ko abenduaren 19an izendatu zuten presidente-, 40 urte beteko direla-eta. Arrastoa laga du Pakok eta hainbeste urtetan egindako lanaren uzta jasotzen ari da orain. Euskadi Irratiko Faktoria saioan elkarrizketa sakona egin diote. (audioa dauka)



  Mendizaletasuna nola bizi duen azaldu du Pako Iriondok Faktoria irratsaioan. Euskal Herriko Mendi Federazioaren gidaritzan eginiko lanaren berri ere eman du, besteak beste, Frankismo garai zailetan izan zituzten arazoak, nola moldatu ziren federazioa aurrera ateratzeko… eta antzerako kontuak izan ditu hizpide.
Mendiari errespetua
 Gaurko gazte mendizaleak presaka ikusten dituela nabarmendu du Iriondok. “Mendizale hasiberri mordo bat ezagutzen dut Anboton egon gabekoak, adibide bat jartzearren, derrepente Pirinioetara joaten direnak. Han pare bat buelta eman eta segituan Alpeetara begira jartzen dira. Mendia ez da horrela, presa gehiegi ikusten dut”. Mendiari errespetua zor zaiola uste du Iriondok, “mendian ez da sekula behar den beste jakiten. Ikasbideak ez du bukaerarik. Zenbat eta gehiago jakin zatia hobeto. Batzuek, baina, ez dute eskarmenturik hartzen, mendiari errespeturik ez diotelako. Gauzak ondo irteten direnean zergatik irten diren ondo, eta guk zer ekarpen egin dugun ondo atera zitezen hausnartu behar da".
•Natura sentitzen ez duten mendizaleak
  84 urterekin mendira joaten jarraitzen du Pako Iriondok: “Karakate eta Kalamua inguruetan ibiltzen naiz, nire erara, lasai-lasai”. Natura sentitzen ez duten mendizaleak daudela uste du Pakok, -mendizaleak eta mendira joaten direnak ezberdintzen ditu berak-, eta horretan hutsunea sentitzen du. Mendi gailurrera ailegatzean tontorretik ikusten diren paisaiak dira gauzarik ederrena berarentzat, “handik ikusten diren gauzek pertsonari ez badiote eragiten, pertsona hark natura ez du ezagutzen”, dio. Entzun jarraian Pako Iriondori Faktorian egin dioten elkarrizketaren audioa.

1706639254534 Pako Iriondo: "Mendian ez da sekula behar beste jakiten"

Elkarrizketa Berrian
  Nafarroako Mendizaletasunaren II. Festan jaso zuen omenaldiaren harira Berria egunkariak ere elkarrizketatu du 18 urtez Euskal Mendi Federazioko presidentea izan zen elgoibartarra.

Lotura duten albisteak: