San Juan Bosko Egunak eta IMH Egunak bat egin dute gaur

elgoibarren.net 2011ko urt. 28a, 12:30

 
Ohi baino gusturago esnatuko ziren gaur (urtarrilak 28) Elgoibarko Meka, Institutua eta IMHko ikasleak. Izan ere, ohiko klaseetara joan beharrean, San Juan Bosko Eguna eta IMH Eguna ospatzen dihardute.



•IMH Eguna

  Goiz guztian zehar heziketa zikloetako eta ingeniaritzako ikasle, irakasle eta langileen arteko probak egingo dituzte IMHn. Elkarrekin bazkalduko dute ondoren, eta bazkal ostean sarien zozketa eta banaketa egingo dute. Arratsaldean txalaparta saioa izango dute musikarekin batera. Ekobasketa (Eskola Agenda 21ekin) izango da aurtengo nobedade nagusia antolatu dituzten probetan. Iaz estreinakoz egin zuten triindorra  ere errepikatuko dute.
Ikusi hemen: IMH Eguneko egiutarau osoa
Sahararen aldeko azoka
  Sahararen aldeko azoka solidarioa egingo dute gainera IMHn. Ikasle zein irakasleek lagatako gauzak salduko dituzte bertan, eta lortzen duten dirua Saharautz elkarteari emango diote.

San Juan Bosko Eguna
  Meka GLHBI eta Elgoibar Arreiturre BHI ikastetxeetan, berriz, ekintza mordoa antolatu dituzte San Juan Bosko Egunerako: mus, tute eta futbito txapelketak, sokatira norgehiagokak, goitibeherak, tortilla txapelketak, e.a. Gainera, 2. Mailako ikasleek jai bat antolatu dute, eguna ondo bukatzeko asmoarekin, Elgoibarko gaztetxean. Kontzertuak, DJak… denetarik izango du jaiak.