•Maite Maiora, hirugarren gipuzkoarra
Guztira, 38 atletek parte hartu zuten Lasarteko Nazioarteko Kroseko emakumezkoen lasterketa nagusian, eta Maite Maiorak 21:22ko denboran osatu zuen 5.300 metrotako ibilbidea. Galgo operazioan nahastutako Nuria Fernandez atletak irabazi zuen lasterketa, 18:54ko denborarekin. Gipuzkoarren sailkapenean podiumera igotzea lortu zuen Maiorak, hirugarren egin zuen-eta. Aizkorriko maratoia (maiatzak 25) dauka begiz jota mendaroarrak, eta entrenamendu gisa ari da krosetan parte hartzen. Domekakoa bigarren krosa izan zuen, Araian jokatutakoaren ostean
•Domina uzta ona Mintxetako saltakarientzat
Lasarteko krosa Gipuzkoako eskolarteko txapelketa ere bazen eta Mintxeta Atletismo Taldetik joandako atletek zeukaten dena eman zuten lurraldeko antxitxikari bizkorrenak izateko lehian. Lorea Santiago eta Ioar Urkiri nabarmendu ziren guztien gainetik. Santiagok brontzezko domina eskuratu zuen kadete nesken mailan eta Ioar Urkiri mutrikuar gazteak, berriz, zilarrezko domina eraman zuen etxera infantil nesken lasterketan lortu zuen bigarren postuari esker. Taldeka ere primeran moldatu ziren Mintxetako atleta gazteak. Alebin mailako mutilen zein nesken taldeek Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten. Nesketan Mintxetako lau korrikalari sailkatu ziren lehen hamabi sailkatuen artean eta erregulartasun horrek eman zien txapela. Mutilek garestiago eduki zuten txapela janztea, baina Cristian Aranazek lortutako laugarren postua erabakigarria izan zen.
*Argazkiak: Aitor Zabala.