Morkaiko 2.0: haize berriak aro berri baterako

elgoibarren.net 2011ko ots. 3a, 08:42

Azaroaren 13an Sallobenteko Azaola baserrian egindako gogoeta saioan jasotako ondorio nagusiak jende aurrean aurkeztuko ditu Morkaikok otsailaren 10ean, Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditorioan (19:00). Mendi taldeak datozen urteetan hartuko duen bidea ere azalduko dute bertan. Handik, Errosario kalean duten lokalera joango dira, lokal berritua inauguratu eta mokadutxo bat jatera. (bideoa dauka)


Azaolan eginiko gogoeta saioko une bat.

Azaolako gogoeta mintegi hartan, 44 lagunek parte hartu zuten, eta haien ustez, Elgoibarko gizartean ondo errotutako elkartea da Morkaiko. Hala ere, elkarteak jende berria erakartzeko dituen zailtasunak ere jaso zituzten, eta baita horren arrazoiak ere. Batetik, eta han bildutakoen esanetan, herritarrek “koadrila edo talde itxi baten itxura” hartzen diote elkarteari, eta herritar horietako askok eurengandik “urrun”  ikusten dute elkartea. Beste zenbaiten ustez, berriz, Morkaikok maila handiko jarduerak antolatzen ditu, eta hori bera traba da jende berria erakartzeko.

“Lehenaldian kateatuta”
Oro har, herritarrek positiboki baloratzen dute Morkaikok egiten duen lana, baina askoren ustez, “lehenaldian kateatuta” gelditu da Morkaiko, eta “ausardia falta du” egoera eta behar berrietara egokitzeko. Programazioari dagokionean, esate baterako, herritarrek iritzi positiboa dute oro har jarduera batzuen gainean, baina askoren iritziz, urtero errepikatzen da programazio bera. Hala, Morkaikok umeekin eta gaztetxoekin lan egin beharko lukeela ondorioztatu dute, eta mendi irteerak antolatzeko orduan, espezializazioaren bidea gehiago landu beharko litzatekeela.
*Ikusi hemen:
  • Azaolako gogoeta saioan jasotako ondorio nagusiak (PDF)
  • Azaolan esandakoa, zabal eta sakon, jasotzen duen txostena (PDF)
Morkaikoren historia laburra
Bideoa: Pako Iriondok Morkaiko Mendizale Elkartearen historia azaldu zuen, labur labur, mendi taldeak Azaola baserrrian, 2010eko azaroaren 13an, egin zuen gogoeta jardunaldian.


Sagardotegira irteera
  Otsailak 12rako Adarra mendira (811m) irteera antolatu du Morkaikok, eta mendi buelta egin ondoren, Astigarragako Rezola sagardotegira joango dira bazkaltzera. Dagoeneko, autobus bat bete dute, eta bigarren bat ere jarri dute. Edozein argibidetarako Morkaikora deitu dezakezue: 943 740 297. (informazio osoagoa Morkaikoren blogean)