Adingabeak tabernetatik ateratzeko elkarlanean dihardute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak

elgoibarren.net 2011ko ots. 3a, 16:15

Bi zapatu arratsaldetan (urtarrilaren 15ean eta 29an) 51 adingabe identifikatu zituzten Ertzaintzako agenteek eta Elgoibarko udaltzainek herriko zenbait tabernatan, elkarlanean, eginiko polizia operazioan. “Landa, Truk, Ilunpe eta Kartutxo tabernetan topatu zituzten 16 urtetik beherako 51 lagun horiek”, azaldu du herriko alkate Alfredo Etxeberriak. Identifikaturiko adingabeen artean %92 Elgoibarkoak ez direla ikusita, “horien jatorrizko herrien eta gurasoen ardura ere bada arazo honi irtenbidea ematea”, nabarmendu du Etxeberriak.


  Hamasei urtetik beherakoentzat debekatuta dago edari alkoholdunak ematen dituzten establezimendu publiko itxietan sartu eta bertan geratzea, hau da, taberna, jai-areto, diskoteka, ikuskizun- edo jolas-aretoetan eta, oro har, alkohola saldu edo kontsumitzen den edozein lekutan, baldin eta adingabe horiekin batera guraso edo arduradunik ez badago. Legea betetzen dela ziurtatzeko herriko zenbait tabernatan sartu eta identifikazioak egiten hasi ziren, iaz, Ertzaintzako agenteak eta udaltzainak elkarlanean.

%92 kanpotarrak
“Sarekada horiek indartu nahi ditugu eta sarriago egingo ditugu aurten”, jakinarazi du Alfredo Etxeberriak. Aurten egin dituzten bi identifikazio saioetan, urtarrilaren 15eko eta 29ko zapatu arratsaldeetan, bi ondorio garbi atera dituztela gaineratu du: Batetik, hamasei urtetik beherako "gazte asko" dabilela tabernetan zapatu arratsaldeetan. Eta, bestetik, identifikatutakoen artean "%92 kanpotarrak" direla (*Beherago ikus dezakezue identifikatutakoen jatorria). "Gehienak Kartutxo tabernan atzeman zituzten eta lau baino ez ziren elgoibartarrak”. Bestalde, 2010ean eginiko identifikazio operazioetan; tabernetan zein kalean, identifikatutako 193 lagunetatik 112 adingabekoak ziren, hots, hamazortzi urtetik beherakoak, eta zortzi baino ez ziren elgoibartarrak. “Udalaren ardura Elgoibarko gazteak dira”, dio alkateak. Beste herrietatik datozen gazteak gure arduratik kanpo daude. Euren gurasoek eta jatorrizko herriek dagokien arduraren erantzule izan beharko luketela uste dugu”.

Gurasoei telefono deia eta eskutitza
Udaltzainek eta ertzainek adingabeko bat taberna barruan identifikatzen dutenean, haren guraso edo arduradunekin harremanetan jartzen saiatzen dira zuzenean, deia bertatik eginez. Edonola ere, gertatu dena azaltzen duen gutun bat jasoko dute guztiek etxean. 
Tabernarien ardurak
Tabernariei, bestalde, espedientea irekitzen zaie, eta 500 euro eta 1.500 euro arteko isuna jasotzen dute normalean. Elgoibarko alkatearen iritziz, tabernariak gehiago inplikatu behar dira arazo honetan. “Euren ardura da tabernan adingaberik duten egiaztatzea”. Batzuk oso ondo kudeatzen dute adinaren kontua, baina beste batzuek ez dute kasurik egiten, eta ez dute ikasten. Astero sarekadak egin arren astero erortzen dira koska berdinean”. Tabernak alokatuta dauzkatenak eta jabe direnak ezberdindu ditu Etxeberriak. “Lokalak alokatuta dauzkaten tabernariekin daukagu arazo gehien”. Etxeberriaren esanetan, gainera, adingabeak taberna konkretu batzuetan kontzentratzea kaltegarria da herriko beste taberna askorentzat.

1706639224857 Adingabeak tabernetatik ateratzeko elkarlanean dihardute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak

Karteristak Truk tabernan
Adingabeen identifikazioak egiten ari zirela, litxarrero batzuek ostutako karterak gordetzeko gordelekuarekin topo egin zuten, kasualitatez, udaltzain eta ertzainek Truk tabernan. “Komuneko sabai aizuan ezkutatuta hamabi diru-zorro aurkitu zituzten. Une horretan komunean zeuden bost lagunak identifikatu zituzten, baina ez dago argi zerikusirik zeukaten lapurtutako diru zorroekin, ezta egun berean ostutakoak ziren ere”, argitu du Etxeberriak

*Identifikatutako adingabeen jatorria eta kopurua

•Eibar 28
•Mutriku 6
•Mendaro 5
•Elgoibar 4
•Deba 3
•Azpeitia 2
•Zaldibia 2
•Matiena 1