Santa Ageda koruak: baserriz baserri gaur eta kalez kale bihar

elgoibarren.net 2011ko ots. 4a, 10:23

Santa Ageda bezpera da gaur (otsailak 4), baserriz baserri kantuan eta eskean irteteko eguna. Eta Elgoibarko Izarratik jakinarazi digutenez, sekula baino lagun gehiago animatu da aurten ohitura zaharrari hautsa kentzera: 30 lagun. Elgoibar Ikastolako ikasleak ere gaur irtengo dira santa eskean. Ikastolatik abiatuko dira 15:30ean eta Plaza Handian amaituko dute kalejira 16:30ak inguruan. Bihar, Etxegiña taldekoen txanda izango da. 9:00etatik aurrera herriko kaleak kantuan zeharkatuko dituzte, orain dela 86 urte hasitako ohiturari eutsiz.



52 baserri koplatu zituzten iaz Elgoibarko Izarrako koplariek.

1993an berreskuratu zuen Elgoibarko Izarrak Santa Ageda bezperan baserrietara joateko  ohitura zaharra. Eta ordutik 19 urte pasa badira ere, bistan da indartsu mantentzen dutela tradizioari lotutako egun hori. Eguerdiko 14:30ean Plaza Handian elkartu ondoren, bi taldetan banatu eta Idotorbe, Aiastia, Urruzuno eta Sallobenteko baserri-auzoetako etxeak koplatuko dituzte. Bost koplarik jardungo dute koplatan (Meabebasterretxea, Ziarda, Olaizola, Areitio eta Narbaiza) eta hauei laguntzen, berriz, lau trikitilarik jardungo dute (Arantza eta Ekaitz, eta Baltzola anaiak). Arratsaldea eta iluntzea baserriz baserri eman ondoren, gaueko 22:00ak aldera Aiastiako soziedadera joango dira denak, bertako lagunek prestatutako afariaz gozatzera.

•Orain 86 urte hasitako ohitura

1706639224182 Santa Ageda koruak: baserriz baserri gaur eta kalez kale bihar

Etxegiña taldekoak Santa Ageda Egunean (otsailak 5) irtengo dira santa eskean herriko kale eta auzoetan barrena. Goizeko 9:00etan abiatuko dira Bolatokitik. Ohitura duten moduan, bi taldetan banatuko dira eta Urasandi auzoan elkartuko dira gero berriz. La Union elkartean hamarretakoa egin ondoren kaleetan koplak abesten jarraituko dute. Azkenik, 14:00ak inguruan, Errosario kaleko Ama Birjiñaren aurrean Kepa Urain koplari nagusiak prestatutako bertso batzuk abestuko dituzte, azken urteetan hil diren taldekideen omenez. Ohi duten legez, German Uriguen "Etxegiña" zenak idatzitako salbea abestuz amaituko dute aurtengoz santa eskea. Salbearen ostean, alabaina, partaide guztiek bazkaria izango dute Baltasar Elkartean.

 Orain dela 86 urte, 1925. urtean, egin zuten Elgoibarren Santa Agedako lehen ateraldia. German Uriguen “Etxegina” zenak honela gogoratzen zuen estreinako aldi hura Argia astekariari, Elgoibarko Izarrak egin zion omenaldiaten harira, 1981. urtean eskaini zion elkarrizketan: “1925. urtean, "Barrutia"nean geunden Estarta, Manu Gabilondo eta neu. Santa Ageda bezpera zen, eta Manu Gabilondok: ‘Santa Ageda kantatzera joango al gaituk?’, eta Estartak erantzun: ‘Bertsolaria non zegok, ba?’; ‘hor, heure alboan’ borobildu zuen Manuk. Horrela irten ginen zortzi edo hamarren bat lagun gaueko zortziretan Olasotik hasita. Elgoibarren ‘Salbea’ lehen aldiz, ‘Txankakuan’ kantatu genuen, hala tokatzen zelako”.
Jon Peli Uriguen, “Etxegiñaren” ilobak ere gogoan izan ditu hastapenok BARREN astekarian (769. zenbakia PDFan) idatzi duen iritzi artikuluan.