Bikotekideari erasotzeagatik 36 urteko gizonezkoa atxilotu dute

elgoibarren.net 2011ko ots. 7a, 08:51

Antza denez, bikotekidearen erasoengandik ihes egiten ari zela bost metroko altueratik bere bizilekuko (Urasandi auzoan) patiora jausi zen, domeka arratsaldean, 30 urteko emakumea. Mendaroko Ospitalera eraman zuten, baina bere bizitza arriskutik kanpo dago. Atxilotuak 36 urte ditu eta 2010eko martxoan emakumeen kontrako indarkeria egotzi zioten aurretik zuen bikotekideari eraso egiteagatik. (bideoa dauka)


 Herrizaingo Sailak jakitera emandakoaren arabera, zapatutik etxean giltzapetuta zeukan 36 urteko gizonezkoak 30 urteko bikotekidea. Etxetik alde egingo zuela esan ziolako giltzapetu zuen antza.
 Domeka arratsaldean, 16:00ak aldean, auzokoen deiari erantzunez Eibarko ertzain-etxeko agenteak bikotearen bizilekura bertaratu ziren, emakume bati egiten ari ziren ustezko erasoa ikertzera. Etxeko txirrina jo eta erantzunik jaso ez bazuten ere, barrualdetik zetozen garrasiak entzun zituzten agenteek. Orduan, barruko patiora ematen duen beira batetik, emakume bat leihotik atera eta arropen esekitokitik nola zintzilikatzen zen ikusi zuten. Bost metroko altueratik jausi ondoren, patioko lurra jo zuen gero. Gertakaria ikusi zuten leihoko beira apurtu eta emakumearenganaino ailegatu ahal izan zuten poliziek. Mendaroko Ospitalera lagundu zuten gero anbulantzia medikalizatu batean.
  Bien bitartean, etxebizitzako atea irekitzea lortu zuten beste agente batzuek, eta ustezko erasotzailea atxilotzea lortu zuten, ustezko erasotzaileak oldarkor aurre egin ziela jakinarazi badute ere.
Emakumeak zauri asko bazituen ere, bere kabuz eskatu du gaur goizean alta. 
  • Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko telefono-zerbitzua: 900 840 111  -  016
Bideoa: (eitb.com)