257 etxebizitza huts daude Elgoibarren

elgoibarren.net 2011ko ots. 7a, 14:42

Udalak emandako datuen arabera, 257 etxebizitza huts daude Elgoibarren. Etxebizitza huts moduan, erroldatutako bizilagunik gabekoak eta kontsumorik ez duten etxebizitzak ulertzen ditu Udalak.

 
 Bestalde, etxebizitzen gaiarekin lotuta, Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren agiriak, -lehendabizikoz onartu ostean jendaurrean erakusteko fasean dago orain-, 1.069 etxebizitza eraikitzea jasotzen du, gehienez ere, Plan Nagusia indarrean egongo dela aurreikusten den datozen hamabi urteetarako.
 

'Urasandi Berri' deituriko eremuaren kokalekua, lehen planoan.

Plan Nagusiaren agirian jasota dagoenez, egin daitezkeen etxebizitza horien %52 (559) babestutako etxebizitzak izango dira eta gainerakoak (510) erregimen librekoak. Erdigunean erabili gabe dauden industria guneak biziberrituz eta Sigma auzoa handituz aurreikusten du Plan Nagusiaren agiriak 1.069 etxebizitza berri horiek eraikitzea. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak azaldutakoaren arabera, “azken hamarkadako joerei kasu eginez, Elgoibarko HAPOak herria hasi egingo den hipotesia aintzat hartzen du eta etxebizitza eskaera horiei erantzuna ematea ere aurreikusten du”. Urasandi Berri izeneko eremuan, esaterako, erabateko biziberritzea egitea jasotzen du agiriak.

Etxebiden 1.374 eskaera
Elgoibarren Babes Ofizialeko Etxebizitza bat lortzeko dauden eskaera kopuruei buruzko datuak ere jakinarazi ditu Alfredo Etxeberriak. Etxe bat erosteko edo alokatzeko eskaria egin dutenen artean 1.374 lagunek aukeratu dute Elgoibar lehen aukera gisa. Horietatik 411 lagun daude Elgoibarren erroldatuta. Alokairuan aldeko aukera egin dutenen artean, 838 lagunek aukeratu dute Elgoibar lehen aukeran moduan eta 235 dira bertan erroldatutakoak. Etxebizitza erosteko izena emandakoen artetik, berriz, 1.061 lagunen lehen aukera da Elgoibar eta 411 daude herrian erroldatuta.

HAPOren onarpenaren zein fasetan gaude?

700 lagunetik gora pasa dira HAPOren erakusktatik.

Hiri Antolamendurako Plan Nagusiari alegazioak martxoaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira Udaleko Hirigintza Sailean eta HAPOri buruzko erakusketan. San Bartolome kaleko lokal batean ikusgai dagoen erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da zabalik. Orain arte “700 lagunetik” gora bertaratu direla erakusketa ikustera jakinarazi dute Udaleko arduradunek. Han, hogei panel inguru daude ikusgai. Paneletan, auzo bakoitzeko lurzoruak, eta oro har, herriko lurzoruak etorkizunean izango duen erabilera azaltzen da.

 Agiria, jendaurrean erakusteko epea bukatzen denean, jasotako alegazioei buruz erredaktore taldeak egingo duen txostena ikusirik eta herritarren partaidetzaren proposamenak kontuan izanda, Plan Nagusiaren Aholku Batzordeak gaiari buruzko behin betiko txostena egingo du, Udalbatzarrean Osoko Bilkurak agiria behin-behingoz onar dezan.
Hortik aurrera, Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailetara bidaliko du agiria, sail horien oniritzia lortu ondoren, testua behin betiko onartu eta indarrean jarri ahal izateko. HAPO onartzeak ez du esan nahi agirian zehazten den guztia bideratuko denik, baizik eta, horretarako bide ematen duela.

Plan Orokorrari buruzko agiriak eta planoak Udaleko Hirigintza Sailean edo elgoibar.org web gunean daude ikusgai.