Kontzentrazioa eta gaitzespenak emakumeen aurkako indarkeriari erantzuteko

elgoibarren.net 2011ko ots. 8a, 14:42

Joan den domekan Urasandi auzoan izandako ustezko eraso sexistari erantzuteko kontzentrazioa deitu du Elgoibarko Emakumeen Asanbladak. Udaleko Tokiko Gobernu Batzordea ere atzo bildu zen, eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Ororen gaitzespen idatzia adostu zuen. Bikotekidea erasotzeagatik domekan atxilotu zuten 36 urteko elgoibartarra, berriz, baldintzapeko askatasunean laga du epaileak.


 “Eraso sexistarik ez!” lemapean egingo dute, bihar, hilak 9, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kontzentrazioa. Plaza Handian izango da, 19:00etan.

 Bestalde, Elgoibarko Udalak, Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez, joan den domekan Elgoibarren gertatu zen “emakumeen aurkako indarkeria kasuaren aurrean” erabateko gaitzespena adierazteko idatzia adostu du.

Baldintzapeko askatasunean

  Bikotekidea erasotzeagatik atxilotu zuten 36 urteko gizonezkoa Eibarko epaitegiaren eskuetan laga zuten, domekan bertan, Ertzaintzako agenteek. Ertzaintzako iturriek jakinarazitakoaren arabera, epaileak baldintzapeko askatasunean laga zuen, eta, hortaz, hamabostean behin epailearen aurrean aurkeztu beharko du, epaiketa egin arte. Horiek dira, momentuz, eraso sexistak egin izanagatik aurrekariak dituen ustezko erasotzaile elgoibartarra kontrolpean izateko epaileak hartu dituen neurriak.
Bikotekidearen erasoetatik ihesi, bere burua leihotik bota zuen emakumeak, bestalde, bere kabuz eskatu zuen alta, astelehen goizean. Jaso zituen hainbat kolpeen ondorioz Mendaroko Ospitalean pasa zuen domeka gaua.
Urasandi auzoko zenbait bizilagunen testigantzak jaso ditu eitbk ondorengo bideoan: