•48 baserri koplatu zituzten Elgoibarko Izarrakoek
Elgoibarko Izarrako Santa Ageda koruek, bi taldetan banatuta, 48 baserri koplatu zituzten Santa Ageda Bezpera Egunean, otsailaren 4an. Inoiz baino jende gehiagok parte hartu duela aurten nabarmendu du Elgoibarko Izarrako Imanol Larrañagak, “30 lagun bildu ginen, zahar eta gazte, neska eta mutil". Estreinakoz parte hartu zutenak ere asko izan zirela gaineratu du. Eguerdiko 14:30ean hasi eta gaueko 22:00ak arte jardun zuten kantuan eta eskean Idotorbe, Aiastia, Sallobente eta Urruzuno baserri-auzoetan. Amaieran, Aiastiako soziedadean afaldu zuten. Etxera zapatuko ordu txikietan erretiratu zirela aitortu du Larrañagak, han bildutakoen arteko giro onaren seinale. 1993an ohitura zaharra berreskuratzea erabaki zenetik 20 urte beteko dira datorren urtean. “Zerbait berezia antolatzen saiatuko gara”, aurreratu du Elgoibarko Izarrako dinamizatzaileak. Santa Ageda Bezpera zapatuan izango da, gainera, datorren urtean.
Batutako dirua kontatzeko astirik ere izan dute Elgoibarko Izarrakoek eta 1.600 euro inguru batu dituztela Elgoibarko baserrietan jakinarazi dute.
Bideoa:
•Jende berria usadio zaharrari eusteko
Azken bi urteetan euritan blai aritu dira Etxegiña taldekoak santa eskean. Aurten ez dute izan horrelakorik eta eguzkipean goxo eta lasai aritu ziren zapatuko santa eskean. Jon Peli Uriguenek “eguraldi bikaina eta giro bikaina” eduki zituztela azaldu du. “50 lagun inguru elkartu ginen eta, tartean, lehen aldiz etorri zen jendea ere bazegoen. Ilusio berezia egiten digu horrek”, adierazi du Etxegiñaren ilobak. Urtez urte hutsik egiten ez dieten laguntzaileak: “Herriko denda, elkarte eta bestelakoak” eskertu nahi ditu Uriguenek talde guztiaren izenean, eta aipamen berezi bat ere badauka egiteko, Modesto Larrañaga eta sukaldariek eginiko lana goraipatu nahi baitu, “haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke-eta urtero urtero egiten ditugun hamarretakoa eta Baltasar soziedadeko bazkaria irteten diren bezain ondo irtetea. Bejondeizuela”. Elgoibartarren eskuzabaltasunari esker 1.334,7 euro batu dituzte aurten Etxegiña taldekoek. Diru hori Karitasi emango diote.
Bideoa:
•Umorea eta usadioa eskutik emanda Mendaron
Urteroko zitara hutsik egiten ez duen Mañukorta moduko bertsolariekin ziurtatuta dago umorea Mendaroko Santa Eskean. eta aurten ere halaxe izan zen. Goizean goiz, 8:30ean, batu ziren Mendaroko udaletxe aurrean eta hiru taldetan banatuta ohiko ibilbideak burutu zituzten Santa Agedako koruek; baserrietan hasiz eta kalean amaituz. Arratsaldeko 15:00ak aldean eman zioten amaiera santa eskeari eta Aizpe elkartean batu ziren gero koplari eta laguntzaile guztiak. Orotara, 2.906 euro batu dituzte Mendaron. Horietatik 1.600 euro Arno Guraso Elkartearentzat izango dira eta gainerako 1.300 euroak sortutako gastuak ordaintzeko.
•Elgoibar Ikastolako Santa eskea
Elgoibar Ikastolako ikasleek ere ez zuten hutsik egin Santa Agedarekin duten zitarekin eta barixaku arratsaldean herriko kaleak gurutzatu zituzten trikitilarien atzetik Santa Agedako koplak abestuz.Ikastolatik Plaza Handirainoko bidea egin zuten.
*Santa eskeko Argazki guztiak MEDIATEKAN:
*Argazkiak: Irati Agirreazaldegi eta elgoibarren.net