Prestakuntza kanpainaren bigarren edizioa aurkeztu du Udalak

elgoibarren.net 2011ko ots. 9a, 15:14

 
Industria eta prestakuntzaren arloko eskaintza bultzatzea “ezinbestekotzat” jotzen du Elgoibarko Udalak. Hori dela-eta, hainbat jarduera bideratu ditu esparru estrategiko hori sustatzeko. Iaz, esaterako, Lanbide Heziketari eskainitako astea antolatu zuten. Bertan antolatu ziren ekitaldiek harrera ona izan zutela ikusirik, kanpaina horren bigarren edizioa aurkeztu berri du Udalak.

 

 Aurtengo egitaraua otsailaren 16an hasi eta apirilaren 2an bukatuko da, eta hainbat berrikuntza izango dira iazko egitarauarekin alderatuta: gurasoei zuzendutako coaching eta aholkularitza saioa; ikasleei zuzendutako formazio saioak eta industria arloko enpresetarako bisitak (martxoak 15, 16 eta 17). Erreminta makinari buruzko zine-foruma (martxoak 23) eta Prestakuntzari buruzko II. Feria.

 DBH 4ko ikasleak, batxilergoko 1. eta 2. mailetakoak, haien gurasoak, langabetuak eta gaiari buruzko jakin-mina duten pertsona guztiak izango dira jarduera horietako protagonista nagusiak. Udalak jarduera horretan zuzenean parte hartzera gonbidatu nahi ditu protagonista horiek guztiak; izan ere, jarduera horiei esker, Elgoibarko herriak, Lanbide Heziketaren eta txandakako ingeniaritzaren alorrean, eskaintzen dituen aukeren berri izango dute.

Elgoibarko Udalak antolatu dituen jarduerei buruzko xehetasunak:
  • Otsailak 16: Coaching-a eta informazio saioa: “Gurasoentzako coaching-a: seme-alabei beraien etorkizunari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko lanabesak” eta Elgoibarren dagoen prestakuntza arloko eskaintzari buruzko informazioa (IMH eta MEKA). Batxilergoko 1. eta 2. mailetako gurasoentzat. Arreiturreko areto nagusian, 18:30ean.
  • Martxoak 15: IMHk eta MEKAk eskaintzen duten prestakuntzari buruzko informazio saioa. Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleentzat. Arreiturre Instituko areto nagusian, 10:30etik 11:30era.
  • Martxoak 16: DBH 4ko ikasleentzat, 11:00etatik 13:00etara. Elgoibarko industria-enpresa batera bisita. Ondoren, 13:00etatik 14:00etara IMHk eta MEKAk eskaintzen duten prestakuntzari buruzko informazio saioa.
  • Martxoak 17: DBHko 4. mailako ikasleentzat, 10:00etatik 11:00etara, Arreiturreko areto nagusian, IMHk eta MEKAk eskaintzen duten prestakuntzari buruzko informazio saioa. 11:30etik 13:00etara ikasleek Elgoibarko industria-enpresa bat bizitatuko dute.
  • Martxoak 23: erreminta makinari buruzko zine-foruma, 18:00etan, Makina-Erremintaren museoan. Herritarrei zuzendutako saioa da. 
  • Apirilak 2: Elgoibarren, prestakuntzaren alorrean, dagoen eskaintzari buruzko informazio saioa: MEKAk, IMHk eta Txandakako Ingeniaritzak eskaintzen dituzten formazio-zikloei buruzko saioa. Langabetuen eta langileen prestakuntzari, zikloei eta ingeniaritzari buruzko kontsultak egin ahal izango dira zuzenean, horretarako propio jarritako postuetan. Parte hartu nahi duten pertsona guztientzat irekia da deialdia,. Kultur Etxeko sotoan izango da, 11:00etatik 13:00etara.