Elgoibartik Eibarrera eraman nahi du Jaurlaritzak Hasierako Lanbide Prestakuntza zentroa

elgoibarren.net 2011ko ots. 11a, 18:27

 
Pedro Muguruza ikastetxea egon zen eraikinean dago Hasierako Lanbide Prestakuntzako zentroa. Eraikina zaharkituta dago, ordea, eta ez ditu gisa honetako zentro bat hartzeko behar besteko baldintzak betetzen. Hori dela-eta, zentroa Eibarrera lekuz aldatzea aztertzen ari dira Eusko Jaurlaritza eta Eibarko Udala.


 Inolako titulazio profesionalik ez daukaten eta DBHko helburuak lortu ez dituzten 16-21 urte bitarteko gazteentzako berme sozialeko eskola da Hasierako Lanbide Prestakuntza. Debabarrenako Udalen ardurapean dago eta, gaur egun, Eibarko Udalak kudeatzen du; nahiz eta eskumena eta finantzazioa, oso-osorik, Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dauden. Soraluzetik Elgoibarrera ekarri ostean, bi hamarkada egin ditu zentroak Elgoibarren, Pedro Muguruza ikastetxea egon zen eraikinean, hain zuzen ere.

Eraikinaren azterketa arkitektonikoa
 Elgoibarko Udaleko arduradunek eraikin hori ez dela zentroa hartzeko egokia uste dute, are gehiago, ez dituela beharrezko baldintzak betetzen diote. Kezkak argitze aldera, "eta inork ezer egiten ez zuela ikusita", eraikinaren azterketa arkitektonikoa egiteko eskatu zion, orain bi urte, Elgoibarko Udalak Debegesari. "Emaitzek gure susmoak baieztatu zituzten", azaldu du Alfredo Etxeberriak. Ikerketa haren arabera, gainera, inbertsio handiak egin beharko lirateke eraikina gaur egungo hezkuntza zentro baten beharretara egokitzeko. "Udalek aurre egin ezin dituzten inbertsioez ari gara. Halako edo holako partxeak jarri eta aurrera egin du orain arte zentroak, baina erabaki bat hartzeko unea ailegatu da. Jaurlaritzari eman genion gure kezken eta ikerketaren emaitzen berri, baina gaur da eguna erantzunik jaso ez duguna", argitu du Elgoibarko alkateak.

  Alkatea ez dago zentroa Eibarrera eramatearen aurka. "Garrantzitsuena ez da zentroak non egon behar duen, berdin zaigu Elgoibarren geratzen den edo Eibarrera eramaten duten. Axola zaiguna, zerbitzu on bat eskaintzen jarraitu ahal izateko baldintza egokiagoak dituen lekua behar dutela da. Muguruzako eraikinak, tamalez, ez ditu baldintzok betetzen. Ildo beretik, argi daukaguna zera da: zentroak, eraginkorra izango bada, leku berean zentralizatuta egon behar du, herri berean, alegia".
Eibarko alkatearekin bilera
 Kezka horiek guztiak azaltzeko helburuarekin eta behin betiko erabakia hartzeko prozesua bizkortze aldera, zentroaren kudeatzailearekin, Eibarko Udalarekin, bilera eskatu zuen Elgoibarko alkateak. Alfredo Etxeberriak azaldutakoaren arabera, Miguel De Los Toyos Eibarko alkatearekin eguaztenean (otsailak 9) izan zuen bileran jakin zuen Eusko Jaurlaritzaren asmoen berri, "Jaurlaritzak zentroa Eibarren kokatzeko eskatu ziola Eibarri", alegia. Hasierako lanbide prestakuntza-moduluetako batzuk dagoeneko Eibarren ematen dituztela ere aurreratu du Etxeberriak: "Dena hara eramateko prestatzen ari direla esan zidan Eibarko alkateak".

Ikasle eibartarrak nagusi
 Zentroan dauden 81 ikasleen artean, eibartarrek osatzen dute gehiengoa, 31 ikasle eibartar baitaude une honetan. Hamabost ikasle Elgoibarkoak dira eta beste hamabost Mutrikukoak. Hiru ikasle Mendarokoak dira eta Debatik eta Soraluzetik ikasle bana joaten dira zentrora. Gainerako 18 ikasleak beste eskualde batzuetakoak dira.