Okil Beltzak taldekoek estreinatu berri duten blogean azaldutakoaren arabera, bi ardatz nagusi izango ditu Jakoba Errekondoren hitzaldiak: “Batetik, poligono industrialik gabe aberastasuna mantentzea posible dela, are gehiago, poligonoak diru zuloa direla diru iturria baino; eta, bestetik, etorkizuna zerbitzuen sektorean dagoela”.
•Zeraingo eredua
Errekondok 16 urte daramatza Zerainen garapen teknikari moduan lanean eta Zeraingo politika beste herrietan ere aplikatu litekeela uste du: “Funtsean, herriak erabaki behar du zer izan nahi duen, eta herritarrek parte hartzeko modu egokiak jarri. Hor erabakitzen dena, arduradunek bete egin behar dute”. Elgoibarrera horrexegatik gonbidatu dutela diote Okil Beltzak taldekoek: “Ez dugu gonbidatu gure ‘dotrina’ edo herrigintza ikuspuntua esplikatzeko. Herrigintzan berak daukan esperientziatik ikasi nahi dugu, Elgoibarren zer aplika daitekeen jakiteko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Badakigu Zerain eta Elgoibar tamainaz oso ezberdinak direla, baina ikasgaiek balioko dutela uste dugu. Mito pila bat hankaz gora botako dizkigulakoan gaude”.
Zenbat eta buru gehiago batu, aburu hobeak lortuko dituztela uste dute Okil Beltzak taldekoek. Hori dela-eta, gaian interesa duten guztiak “Udaleko gobernu taldea barne” gonbidatu nahi dituzte Jakoba Errekondok hilaren 21ean, Kultur Etxeko hitzaldi gelan (19:15) eskainiko duen hitzaldira. “Seguru denok hartuko dugula ideia berriren bat, eta ideia zaharren bat baztertu”, diote
- Jakoba Errekondok eman beharreko hitzaldiaren inguruko informazio osoagoa Okil Beltzak taldearen blogean aurkituko duzue.
•Bideoa eta elkarrizketa
ETBko Kalifornia saioan Jakoba Errekondori eginiko elkarrizketa ikus dezakezue ondorengo bideoan. Argia astekarian Amets Arzallusek eginiko elkarrizketa, berriz, lotura honetan klikatuz irakurri ahal izango duzue.