Toponimia mapa osatzeko herritarren ekarpenak jasoko ditu Udalak

elgoibarren.net 2011ko ots. 14a, 14:16

 
Elgoibarko Udalak gure herriko toponimia jaso, sailkatu, kokatu eta finkatzeko lanean dihardu. Elgoibarko leku-izenak bilduko dituen toponimia mapa osatzeko asmoz, erakusketa bat zabalduko da datorren eguaztenean (otsailak 16). Erakusketa zabalik egongo da hilaren 26ra arte eta herritar guztiek euren ekarpena egin ahal izango dute.



Gotzon Garate beka
 Elgoibarko Udalak, herriko toponimia jaso, sailkatu eta kokatzeko asmoarekin, Gotzon Garate izeneko bekaren lehendabiziko deialdia egin zuen 2009ko ekainaren 30ean. Era berean, egun horretan bertan, hitzarmen bat sinatu zen Euskaltzaindiarekin, ikerketa-lan hori egiterako orduan, erakunde horren laguntza jaso ahal izateko. Horren harira, 2009ko abenduaren 3an, toponimia beka Nerea Alaba eta Amaia Pinacho arrasatearrei esleitu zitzaien (goiko argazkian). Horiek horrela, bekadunei hamalau hilabeteko epea eman zitzaien, azterlana burutu ahal izateko. Horretaz gain, aipatzekoa da beka honek 20.000 euroko zuzkidura ekonomikoa duela.

Mapa toponimikoa udarako amaituta
 Udalak, bestalde, egokitzat jo zuen, azterketa toponimiko hori gizarteratzeko tresna baliagarri gisara, udalerriko mapa toponimikoa argitaratzea. Eta horretarako, Udalak Geograma enpresari eman zion, 2010eko ekainean, toponimia mapa egiteko zeregina. Lan hori burutu ahal izateko, Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasoko du. Ondo bidean, beraz, uda aurretik mapa kalean izango da.
Mapan, alde batetik, landa-eremua (baserriak, mendiak, errekak eta abar), eta bestetik, ortoargazkia eta herrigunea ikusi ahal izango dira.

Erakusketa, ekarpenak egiteko
 Maparen behin betiko bertsioa kaleratu aurretik, Udalak mapa ikusgai jarriko du, Kultur Etxeko erakusketa gelan, herritarrek mapan ageri diren toki izenei zein kokapenei buruzko ekarpenak egin ahal izan ditzaten. Erakusketa otsailaren 16tik 26ra bitartean egongo da zabalik, ondorengo ordutegi honetan: astelehenetik barixakura 19:00etatik 21:00etara, eta zapatuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Bertan, Nerea Alaba eta Amaia Pinacho bekadunak, eta Euskaltzaindiko tutorea den Mikel Gorotxategi egongo dira herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak jasotzeko prest.

 Horrela bada, Elgoibarko Udalak herritar guztiei gonbitea egiten die, ekarpenak egin ditzaten. Ekarpenak, erakusketan bertan egin daitezke, edo bestela, posta elektronikoz (euskara@elgoibar.org) mezua bidalita, edo Udalaren Euskara Zerbitzura telefonoz deituta.
 
Lotura duten albisteak: