Finalean iazko bikote irabazlea, Manuel Salegik eta Pedro Garatek osatutakoa, hartu zuten mendean Zialtzetak eta Berdoncesek. Bi bikote horiek ordezkatuko dute Elgoibar otsailaren 26an Seguran jokatuko den Gipuzkoako kanporaketan. Gipuzkoako kanporaketako irabazleak, bestalde, Euskal Herriko Mus Txapelketako finala jokatzeko sailkatuko dira. Final handia Urruñan (Lapurdi) jokatuko da martxoaren 12an. Bikote txapeldunak 3.000 euro eta lau lagunentzako nazioarteko bidaia bat eskuratuko ditu.
Manuel Salegik eta Pedro Garatek osatutako bikoteak paper oso ona egin zuen iaz: Elgoibarko kanporaketa irabazi eta Gipuzkoakoan txapeldunorde izan ostean, Euskal Herriko Mus Txapelketan zazpigarren postuan sailkatzea lortu zuten. Aurten, iazkoa errepikatu eta, ahal bada, hobetzen saiatuko dira. Zialtzetak eta Berdoncesek ere erakutsi dute musean iaioak direla. Salegi eta Garate moduko esperientziadun bikotea gainditzeko gai izan badira, onenen parean ibiltzeko aukerak dituzte.