Makatzagak azaldutakoaren arabera, Euskara Zerbitzuak dituen bi taldeen (itzultzaile-interpreteak eta talde akademikoa), zuzendaria izango da, eta talde horien eginkizunak koordinatzea izango da bere egitekoa. Euskara Zerbitzuaren eginkizunak era askotakoak direla azaldu du: “Administrazio-testuak itzuli, ekitaldi ofizial batzuetan interprete-lanak egin, EHUko irakasle eta langileei hizkuntza-prestakuntza eta aholkularitza eskaini, unibertsitate-mailako eskuliburuen argitalpena sustatu, haien euskara-kalitatea zaindu, zientzia-dibulgazioko liburuak argitaratu, unibertsitateko hiztegigintzaren eta terminologiaren normalizazioan lan egin, EHUn Euskaraz Irakasteko Gaitasun Agiria eskuratzeko probak antolatu, e.a. Ikusten den moduan, prakak bete lan dugu, baina ilusioz hartu dut erronka, eginkizun horiek betetzeko talde egokia izango dudalako”.
•Elgoibarko Euskara
Elgoibarko Euskara. Berbak, egiturak eta irakurgaiak izeneko liburuaren egilea ere bada Jesus Mari Makazaga. 2007. urtean kaleratu zuen. Bertan, gure herriko hizkera bere osotasunean aztertu eta jaso zuen, "ahozko tradiziozko euskeria jaso eta indartzeko ahalegina egiteko asmotan". Urte batzuk lehenago, 1999. urtean, herriko hizkera biltzeko hainbat grabazio egin zituen egileak, Elgoibarko Izarra elkarteko kideen laguntzarekin, herriko adineko jendearen artean. Elgoibarko auzo guztietako lekukotasunak bildu zituen (ikusi hemen: ahotsak.com).