Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa

elgoibarren.net 2011ko ots. 17a, 11:08

Atzo iluntzean inauguratu zuten Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa. Udalak emandako bekaren laguntzaz, 3.000 toponimo pasa jaso dituzte Nerea Alaba eta Amaia Pinacho filologoek. Udalak, bestalde, Elgoibarko mapa toponimikoa kaleratzeko asmoa dauka uda alderako. Maparen behin betiko bertsioa kaleratu aurretik, maparen estreinako bertsioa ikusgai jarri dute, Kultur Etxeko erakusketa gelan, eta herritarrek mapan ageri diren toki izenei zein kokapenei buruzko ekarpenak egin ahal izango dituzte. (mapak dauzka)

 Erakusketa, bada, otsailaren 16tik 26ra bitartean egongo da zabalik ondorengo ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 19:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.

 Elgoibarko Udalaren asmoa da Elgoibarko toponimoak jaso, txukundu, arautu eta herritarrei ezagutaraztea. “Gogoan izan behar da, Nazio Batuek Gizadiaren Ondare izendatu zutela toponimia, eta beste batzuen artean, toki izenak babestea erakundeen zeregina ere badela. Hala ere, horretarako, izenok bildu eta txukundu egin behar dira, eta ondoren, arautu, guztiok leku-izenak egoki erabil ditzagun”, azaldu dute Udaleko Euskara Sailetik. Gainera, esaerak dioenez, izena duena bada. Horrexegatik, Udalak beharrezkotzat jo du Elgoibarko toponimoak biltzeko, kokatzeko eta finkatzeko lana egitea; toponimo horiek bizirik iraun dezaten, eta herriak duen ondarea ezagutu ahal izan dezan.

Toponimia ikertzeko beka
  Toponimia ikertzeko lana abian jartzeko, bada, Udalak Gotzon Garate izeneko bekaren lehendabiziko deialdia egin zuen 2009ko ekainaren 30ean. Era berean, egun horretan bertan, hitzarmen bat sinatu zen Euskaltzaindiarekin, ikerketa-lan hori egiterako orduan, erakunde horren laguntza jaso ahal izateko.
  Horren harira, 2009ko abenduaren 3an, toponimia beka Nerea Alaba eta Amaia Pinacho arrasatearrei esleitu zitzaien. Horiek horrela, bekadunei hamalau hilabeteko epea eman zitzaien, azterlana burutu ahal izateko. Arestian adierazitakoaren ildotik, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenari esker, bekadunek, Mikel Gorrotxategi euskaltzainaren laguntza izan dute, berak egin baitu tutore lana.

Mapa toponimikoa
 Udalak, bestalde, egokitzat jo zuen, azterketa toponimiko hori gizarteratzeko tresna baliagarri gisara, udalerriko mapa toponimikoa argitaratzea. Eta horretarako, Udalak Geograma enpresari eman zion, 2010eko ekainean, toponimia mapa egiteko zeregina. Lan hori burutu ahal izateko, Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasoko du. Ondo bidean, beraz, uda aurretik mapa kalean izango da. Mapan, alde batetik, landa-eremua (baserriak, mendiak, errekak eta abar), eta bestetik, ortoargazkia eta herrigunea ikusi ahal izango dira.

Udal arduradunak eta toponimia lanaren egileak.

Mapa toponimikoaren erakusketa
  Erakusketa honen xedea, bestalde, ondokoa da: herritarrei, mapan ageri diren leku-izenei zein kokapenei buruzko ekarpenak egiteko aukera eskaintzea. Izan ere, herritarren laguntza ezinbestekoa da, toponimiaren maparen behin betiko bertsioa ahalik eta osatuena eta egokiena izan dadin.
 Kontuan izan behar da, oraindik ere, kokatu gabeko toponimoak daudela. Horretaz gain, hainbat kasutan, toponimo bera modu desberdinetan ahoskatzen edo esaten da, eta ezinbestekoa da gorabehera horiek argitzea.

Horretaz gain, toponimia ikerketan jaso diren leku-izenak ondo kokatuta dauden egiaztatu behar da, eta komenigarria da, era berean, jasotako toponimoak kontrastatu eta herritarrek horri buruz duten iritzia jasotzea.
Halaber, erakusketa honen bitartez, toponimia ikerketa osatzeko baliagarriak izan daitezkeen agiriak jaso nahi dira: hala nola, herritarrek izan ditzaketen dokumentu zaharrak, argazkiak...
Erakusketan, Nerea Alaba eta Amaia Pinacho bekadunak egongo dira herritarrek egin nahi dituzten ekarpenak jasotzeko prest.

1706639194346 Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa

Mapak Udalaren webgunean ikusgai
Kultur Etxeko erakusketa gelan dauden mapak web gune honetan ikus daitezke. Mapa osorik nahiz auzoka ikusi ahal izango dira, eta mapak inprimatzeko aukera ere izango da.


Ekarpenak nola egin
 Elgoibarko Udalak herritar guztiei gonbitea egiten die, toponimia mapari dela-eta egoki iritzitako ekarpen guztiak egin ditzaten. Ekarpenak, erakusketan bertan egin daitezke, edo bestela, posta elektronikoz (euskara@elgoibar.org) mezua bidalita, edo Udalaren Euskara Zerbitzura telefonoz (943 744366) deituta.
 
Argazkiak:

1706639194424 Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa

1706639194491 Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa

1706639194557 Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa

1706639194624 Zabaldu dute Elgoibarko toponimiari buruzko erakusketa