2020ra arteko plan estrategikoa diseinatzen dihardu Meka institutuak

elgoibarren.net 2011ko ots. 21a, 14:43

 
Meka institutuak datozen urteetan hartu beharreko bidea, hau da, 2020 Plan Estrategikoa, diseinatzen dihardu erakunde, enpresa, sindikatu, elkarte, ikasle eta ikasle ohiekin elkarlanean. Debegesako teknikarien laguntza ere jasoko dute plana garatu ahal izateko



 Dagoeneko hasi dira plan estrategikoa diseinatzeko lanean. Hala, joan den otsailaren 14an hasi zuten lan prozesua Udalak Idotorbe auzoan daukan lokalean (goiko argazkian). Mekaren plan estrategikoan eragingo duen Traktore Taldea batu zen bertan. Honako hauek osatzen dute taldea: Alfredo Etxeberria herriko alkateak, Lanbide Heziketako Kontseilariordetzak, Anautesk, Danobatgroup, Lanbide eta Mekako irakasle eta zuzendaritzak. Mekaren ortzmuga osatuko duten lerroak garatzeko saio bakar bat nahikoa izan zutela azaldu dute zentroko iturriek.

 Otsailaren 24an eta martxoaren 2an, bestalde, Talde Sektorialak elkartuko dira, hau da, Mekan lantzen diren bost familia profesionalen -fabrikazio mekanikoa, automozioa, erizaintza, haur hezkuntza eta administraritza- hamabost enpresa adierazgarrienetakoak, irakasleak, ikasle ohiak eta oraingo ikasleak.

 Bilera horietan sektore bakoitzak aurreikusten dituen aldaketa eta izango dituzten aukeren gainean jardungo dute, helburu bakarrarekin: Meka institutua etorkizun horretara egokitzea. Bost familia profesional horietako egoera ezagutu eta ulertu ahal izateko “ospe handiko jendearen” biltzen ari direla azaldu dute Mekako zuzendaritzako kideek.