Hiri mugikortasuneko laborategi izango da Elgoibar

elgoibarren.net 2011ko ots. 22a, 10:27

Partikularrei eta enpresei zuzendutako garraio elektrikoko zerbitzuekin, eta ibilgailu elektrikoen bidez salgaiak garraiatzeko sistema bat ezarriz, hiri mugikortasuneko laborategi bihurtu nahi dute Elgoibar Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jaurlaritzak eta Udalak. Aldundiak guztira 300.000 euro jarriko ditu proiektu horretarako (100.000 euro Krisiaren Aurkako Planetik). Proiektuak 700.000 euroko inbertsioa eskatzen du.


Kontsumo iraunkorraren ferian ikusgai jarri zituzten ibilgailu elektrikoak.

Foru Aldundiko iturriek jakinarazitakoaren arabera, proiektu hori “jauzi kuantitatibo handia” izango da garraio energetikoko sistema bat jartzeko orduan. Hiru lan lerro garatu nahi dituzte: Garraio partekatuaren sistema ezartzea: autoak, motoak eta bizikletak partikularrentzat; hitzarmenen bidez auto elektrikoen erabilera sustatzea enpresetan eta, azkenik, salgaien garraio sistema bat ezartzea herrigunean. Martxoan aurkeztuko dute egitasmoa eta udaberrian martxan ikusteko moduan izatea aurreikusten dute sustatzaileek.

Krisiaren aurkako planetik dirulaguntza
  Sektore berrietako zortzi proiektu “estrategiko” bultzatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Krisiaren Aurkako 2011ko Planaren bitartez. Guztira lau milioi euro jarriko ditu proiektuok babesteko. Zortzi proiektu horietako bat da Elgoibarren ibilgailu elektrikoak ezartzearena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, aipatu moduan, 300.000 euro jarriko ditu proiektu horretarako (100.000 euro KAPetik). Proiektuak, baina, 700.000 euroko inbertsioa eskatzen du. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko du proiektu honetan, -EVE eta Ibil en bitartez-, eta 299.000 euro jarriko ditu. Laguntza horiei esker, “hiru urterako bermea, gutxienez, ziurtatuta dauka proiektuak”, azaldu du Alfredo Etxeberriak.

Aparkalekua Ubitarten

Konoen azpian daude korronte hartuneak.

Ibilgailu elektrikoak dagoeneko “enkargatuta” daudela aurreratu dute herriko alkateak, eta, horiek erabiltzeko konpromisoa agertu duten bost enpresa daudela gaineratu du. Ibilgailuok kargatu ahal izateko korronte hartuneak ere egokituta daude, Ubitarten, hain zuzen bere. Bertan egongo da ibilgailu elektrikoentzako aparkalekua. Ondoko argazkian ikus daiteke korronte hartuneen kokalekua. Foru Aldundiaren helburua da Gipuzkoan ibilgailu elektrikoen sarea osatzea eta horretarako bihurtu nahi dute Elgoibar hiri mugikortasuneko laborategi, hemengo esperientziatik ondorioak atera eta hobetu beharrekoak atzemateko. Ibilgailu elektrikoen alorrean aitzindaria izan den herririk bada, Ataun izan da hori. Goierriko herri horretan dagoeneko martxan dauden antzerako funtzionatzeko moduak ezarriko dituzte Elgoibarren.