Pendiz handiko errepide bat igo behar da Altzola auzoko hilerrira ailegatzeko. Errepidearen azken zatia konpondu du Elgoibarko Udalak eta argiztapen instalazioa ere hobetu du. Batetik, farola berriak jarri dituzte bidean zein kanposantu barruan, eta, bestetik, hileta egunetan Altzolako San Juan Bautista elizatik piztu ahal izango dira argiak, urrunetik piztu eta itzali daitekeen instalazio elektrikoari esker.
Hilerriaren barrualdean ere hainbat berrikuntza egin dituzte. Goiko aldean dauden horma hilobiak estaltzeko egurrezko teilatua eraiki dute, eta irisgarritasuna hobetzeko eskudel eta hormigoizko zoru berriak jarri dituzte. Berrikuntza lanen azken zatia, berdeguneak txukuntzearena, “udaberria ailegatzearekin bat” egingo dutela azaldu zuen Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak.