Pilota Eguna eta Arnoateko Igoera, asteburuko kirol eskaintzan

elgoibarren.net 2011ko mar. 4a, 14:20

 
Aingeru Guardako jaien barruan, estreinako Arnoateko Igoera jokatuko da bihar (martxoak 5) Mendaron.  Elgoibar Ikastolak, bestalde, XIV. Pilota Eguna antolatu du zapaturako.

 
Arnoateko Igoera Mendaron
  Aingeru Guardako jaien barruan, Arnoateko Igoera antolatu dute biharko. 11:30ean irtengo dira korrikalariak Plaza auzoko tunelpetik, eta 4,5 kilometroko igoeran 500 metroko desnibela gainditu beharko dute. Antolatzaileek denborak hartuko dituzte, eta Arnoate gainera iristen diren lehenengo hirurek jasoko dute saria. Izenemateak bihar bertan egingo dira, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago. Parte-hartzea doan izango da, eta lasterketa amaitzen denean hamaiketakoa eskainiko dute antolatzaileek.

1706639163164 Pilota Eguna eta Arnoateko Igoera, asteburuko kirol eskaintzan

Pilota Eguna Elgoibar Ikastolan
Elgoibar Ikastolak XIV. Pilota Eguna antolatu du biharko. 10:30ean hasita, 6 eta 14 urte bitarteko 64 pilotarik parte hartuko dute XIV. Pilota Eguneko finaletan (ikus hemen norgehiagokak PDF), eta eguerdi aldean banatuko dituzte sariak. Pilota zaleek, beraz, Ikastolako frontoian dute bihar zita.
 
 Pilota utzi gabe, Lagunak taldeko pilotariek bi partida jokatuko dituzte gaur iluntzean Ikastolako frontoian. 21:30ean Eskoriatzako pilotarien aurka jokatuko dute lehen mailako nagusiek eta bigarren partidan Lagunak taldeko pala jokalarien txanda izango da. Andoiaingo bikotearen aurka jokatuko dute elgoibartarrek. Domekan, azkenik, Lagunakeko nagusien mailako bikoteak Ozkarbiko bikotearen aurka neurtuko ditu indarrak, 11:30etik aurrera, Ikastolako frontoian.

Areto futbola, eskubaloia eta futbola
  Inauterietako mozorroak nagusi izango diren asteburuko kirol eskaintza, baina, ez da pilota eta korrika egitera mugatzen. Areto futbolean San Jorge taldearen aurka jokatuko du Concepto Createch taldeak, zapatuan, Kiroldegian (16:00). Ia ordu berean, baina Minxetako futbol zelaian Haundik Amurrioren aurka neurtuko ditu indarrak. Elgoibartarren eta arabarren arteko partida 16:30ean hasiko da eta taldekideek eskertuko dituzte zalen animoak, Hirugarren Mailako sailkapenaren zulotik irten ezinda baitabil Haundi aurten.
 Olaizaga kiroldegiak, bestalde, eskubaloi partida interesgarri bat hartuko du, Alkortak eta Arrasatek elkarren aurka jokatuko dutena, hain zuzen ere. Domekan (martxoak 6), 11:30ean, jokatuko dute partida.