Hamairu taldek parte hartu zuten Elgoibarko Izarrako Haurrak eta Gazteak Arloak antolatutako mozorro eta koreografia lehiaketan. Taldeka, Domenicas eskolako kideek irabazi zuten lehen saria eta Mauxitxa txarangako kideentzat izan zen bigarren saria. Lehenek, mojen eskola bat irudikatu zuten Elgoibarko kaleetan barrena, ohi duten moduan umore ikutua galdu gabe. Eta, Mauxitxakoek Mugertza krosa hartu zuten gaitzat. Txarangako kideen artean korrikalari ezagunak, antolakuntzako kideak eta baita komunikabideetakoak ere ikus zitezkeen. Madalako eszenatoki gainera igo ziren talde gehienek koreografia oso landuak eta prestatuak eskaini zituztela adierazi dute antolatzaileek.
Eszenatokitik kanpora ere sariren bat mereziko luketen mozorro bat baino gehiago ikusteko aukera egon zen zapatu arratsalde eta gauean. Zirkua, harriketarrak, Merche churreia autotxoke eta guzti... irudimena nagusi mozorroen festan.