Hainbat ekitaldi martxoaren 8rako

elgoibarren.net 2011ko mar. 8a, 10:51

 
Urtero bezala, emakumeen nazioarteko eguna dela-eta hainbat ekitaldi eta aldarrikapen egingo dituzte Elgoibarren eta Mendaron, martxoaren 8aren bueltan. Udalek, Emakumeen Asanbladak eta Haizea Emakume Taldeak antolatutako ekintzetako batzuek sexuen arteko berdintasunaren inguruan hausnarketa egiteko bidea emango dute. (egitaraua dauka)





1706639158247 Hainbat ekitaldi martxoaren 8rako

Inauterietan ere feminismoa
Inauteria eta feminismoa lelopean kontzentrazioa deitu du Elgoibarko Emakumeen Asanbladak martxoaren 8rako. Plaza Handian egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan. Amaieran, poteoa eta afaria egiteko asmoa dutela jakinarazi dute emakumeen asanbladako kideek. Plazara agertuko den jendearekin adostuko dutela poteoa eta afariaren kontua gaineratu dute.

Sexismorik gabeko ipuin kontaketa
  Berdintasun Sailaren eskutik ailegatuko da sexismorik gabeko ipuin kontaketa saioa ere. Urtxintxa Elkarteko Mireia Delgado ipuin kontalariak “Azti gaiztoa” izeneko ipuina kontatuko du, martxoaren 10ean, Gotzon Garate Udal Liburutegian. Bi saio eskainiko ditu: 17:00etan Haur Hezkuntzako 4. Eta 5. mailako ikasleentzat; eta, 17:30ean bestea, Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailakoentzat.

“Ecografias” antzezlana, Herriko Antzokian

1706639158281 Hainbat ekitaldi martxoaren 8rako

Karmele Jaio idazlearen Ecografias bakarrizketan oinarritutako antzezlana eskainiko du Maki Escenica ekoiztetxeak martxoaren 11n (barixakua), Herriko Antzokian. “Amatasunaren erraietara egindako bidaia” da Ecografías, konpainiaren berbetan. Etiopiara haur bat adoptatzera joan den emakume baten “sentimendu nahasietan eta oroitzapenetan” arakatzen du testuak, baina barne bidaia horrek “lurralde ezezagunago batera eramaten du: bera. Emakume izatearen lurraldea”.
 Joan den otsailaren 25ean estreinatu zuten ikuskizun multimedia hau Barakaldo antzokian. Hortaz, eta Oñatitik pasa ostean, estreinatu berritan ailegatuko da Elgoibarrera, labetik atera berri, alegia. Ramon Bareak zuzendu du obra, eta Irene Brau aktorea izango da taula gainean.
‘Greban gaude’ komedia Mendaron
Mendaroko Udalaren eskutik, “Greban gaude” izeneko umorezko antzezlana ailegatuko da Mendarora martxoaren 12an. Lakrikun antzerki taldearen antzezlan honek hiru emakume garbitzaileren istorioa kontatzen du. Greba egitea erabakitzen dute, eta ironiaz maitasunari, familiari, sexuari eta ilusioei buruz hitz egiten dute. San Agustin antzokian eskainiko dute antzezlana, 19:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.

Garapena eta berdintasunari buruzko erakusketa
  InteRed Gobernuz Kanpoko Erakundeak Udaleko Berdintasun Sailarekin elkarlanean, desberdintasunaren mapa marrazten duen “Garapenerako berdintasuna: emakumeak aurrera egiten badu, munduak ere bai” argazki erakusketa ipiniko du Kultur Etxeko erakusketa gelan, martxoaren 4tik 12ra bitartean.

1706639158357 Hainbat ekitaldi martxoaren 8rako

Praktikan emakumeek eta gizonek munduko leku bakar batean ere ez dituzte eskubide legal, sozial eta ekonomiko berak. Gainera, gizon eta emakumeen arteko tartea nabarmendu egiten da pobrezia handieneko testuinguruetan. Baliabideak urriagoak direnean eta oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak daudenean, emakumeak dira baliabide falta gehien pairatzen dutenak. Aldi berean, genero ekitate-ezak pobrezia larritu egiten du eta, ondorioz, hautsi beharreko bukatzen ez den soka sortzen da (munduko pertsona pobreen %70 emakumeak dira). Hori dela eta, InteReden helburu nagusiak hiru dira: emakumeak jasaten dituzten desberdintasunen aurrean jarrera kritiko eta solidarioa sustatu, emakumeek giza-garapenari egiten dizkion ekarpenak ezagutarazi eta emakumeak eta gizonak Genero Ekitatean hezi.
 
Jabekuntza eskolak
  Programazio neurolinguistikoaren bitartez jabekuntza lantzen irakasteko ikastaroa antolatu du Berdintasun Sailak. Besteak beste, bizitzako esperientziak era baikorrean bizitzen irakastea da programazio neurolinguistiko gisa ezagutzen den teknikaren helburuetako bat. Gizarteak emakumeen inguruan eraikitako uste okerrak hauteman, eztabaidatu eta biluztuko dituzte, gainera, ikastaroan. Martxoaren 19an eta 26an, eta apirilaren 2an egingo dute ikastaroa Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Saioak 10:00etan hasi eta 14:00etan amaituko dira, aipaturiko hiru zapatu horietan. Izena emateko, martxoaren 18a baino lehen, honako telefonora deitu behar da: 943 25 79 86. Ikastaroa doakoa da.