Udarako sarbide berriak izango dituzte San Rokeko eta Sigmako bizilagunek

elgoibarren.net 2011ko mar. 14a, 12:47

 
Urtebeteko atzerapenarekin bada ere, datorren ekainerako amaituko dutela Ubitarte Buru eta San Roke arteko pasabide berria aurreratu dute Udal agintariek. Sigma auzorako bide berria eraikitzeko lanak, bestalde, bide onetik doaz eta uztailaren hasiera aldera erabiltzeko moduan izango da.

 
 


  Joan zen urteko maiatzean hasi zituzten Santa Ana kalea eta San Roke batuko dituen 200 metroko bidea egiteko lanak eta iazko abuzturako lanak amaituta egon behar zuten arren, zenbait oztopo tarteko, ia urtebeteko atzerapena izango dute San Roke auzorako sarbide berriak egiteko lanek. Atzerapenaren arrazoien artean, A-8 autopista ondoan egin dituzten lur mugimenduak eta trenbide ondoko pareta indartzeko lanak hasieran uste baino konplikatuagoak izan direla aipatu dute Udal agintariek. Horiez gain, kutsatutako lurrak garbitzeko eskatu beharreko baimenek lanak moteldu ei dituzte.
 Bideaz gain, 50 bat ibilgailurentzako aparkalekua ere egingo dute ingurune horretan, besteak beste, Arreiturre Institutu azpian gaur egun dauden aparkalekuetako batzuk galduko direlako.

Sigma auzorako bide berriak Olasoko errotondatik izango du sarbidea.

Sigmako bide berria uztailerako
  Urtarrilaren amaiera aldera hasi zituen Construcciones Sukia enpresak Sigma auzorako sarbide berria egiteko lanak. Gauzak ondo bidean uztailaren hasiera aldera erabiltzeko moduan egongo da bide berria, lanak amaitzeko bost hilabeteko epea dute-eta.
 Proiektua, bestalde, Elgoibarko Udalaren (zenbateko osoaren %40 Udalaren kontura izango da) eta Eusko Jaurlaritzaren (kostuaren %60 hartuko du bere gain) artean ordainduko dute. Guztira, 699.047,02 euroko inbertsioa egin beharko da.
 Bidearen lehendabiziko zatia Olasoko hilerriaren aurrean egin den errotondaren eta Sigmako lehenengo etxebizitza-blokearen artean egingo da. Horiek horrela, bide berriak ibilgailuentzako bi errei (errei bana noranzko bakoitzean) eta oinezkoentzako espaloi bat izango ditu. Espaloiari esker, txikitu egingo da inguru horretan bizi diren auzotarrek, gaur egun, igo behar duten malda. Gainera, 35 aparkaleku berri sortuko dira errepidearen bi alboetan.

1706639140875 Udarako sarbide berriak izango dituzte San Rokeko eta Sigmako bizilagunek

1706639140952 Udarako sarbide berriak izango dituzte San Rokeko eta Sigmako bizilagunek

 
Lotura duten testuak: