•Guatemala
Ainhoa Mendibilek eta Lara Urainek Guatemalan egin zuten egonaldia azalduko dute Ostegun Bidaiariak hitzaldi-zikloaren lehen saioan. Elgoibartarrek, gainera, Brenda Ninette Baños ecofeminista guatemaltarraren laguntza izango dute Erdialdeko Amerikako herrialdearen errealitatea eta xehetasunak azaltzerako orduan. Cubako Unibertsitatean irakasle lanetan dihardu Brenda Ninettek, baina une honetan Euskal Herrian dago, ikasketa feministen inguruko urtebeteko masterra egiten ari baita.
Mendibil eta Urain elgoibartarrak Quetzaltenango hiriko Las Rosas auzoko eskola batean lanean ibili ziren, kaleko eskola moduan ezagutzen den elkarte batek (Edelac) kudeatzen duen eskola batean, hain zuzen ere. Bertan ikusi eta bizitakoaz eta umeak eskolatzeko egiten duten ahaleginaren inguruan berba egingo dute, hortaz. Baina, baita herrialdea ezagutzeko ondoren egin zuten bidaian ikusitakoez ere. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.
•Oberland-i itzulia
Europa kontinentaleko glaziar luzeenean barrena, Alpeetan, egin zuen Oberland-eko itzuliaren gora beherak azalduko ditu Arkaitz Irureta mendizale elgoibartarrak Ostegun Bidaiarien bigarren saioan, martxoaren 24an. Paraje ikusgarri horietara bidaiatzeko aholku eta informazio interesgarria eskaintzeaz gainera, bertan izandako bizipenak partekatuko ditu Iruretak Kultur Etxeko hitzaldi gelara hurbiltzen direnekin. Bigarren saioa ere 19:00etan hasiko da.