Estrasburgok Espainia zigortu du, Otegiren adierazpen askatasuna urratzeagatik

elgoibarren.net 2011ko mar. 15a, 13:16

 
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 20.000 euroko isuna jarri dio Espainiako Estatuari, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearen adierazpen askatasuna urratu zuela leporatuta.

 
 
 
 
 Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuten garaikoa da kontua. Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak Guardia Zibilaren aldetik jasotako torturak salatu zituen kartzelatik irten berritan, eta salaketa haien ondoren, Espainiako erregea "torturatzaileen burua" zela esan zuen Otegik. 2003. urtea zen. EAEko Auzitegi Nagusiak errugabe jo zuen Otegi, baina gero, 2005ean, Espainiako Auzitegi Gorenak urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion, eta Konstituzionalak ez zuen zigortuaren babes helegitea onartu.
 Hala, Espainiako Justiziako bide guztiak itxita, Defentsak Europara jo zuen, babes eske. Estrasburgok 2008an onartu zuen helegitea tramitera, eta orain arrazoia eman dio Otegiri. Espainiako Estatuak auzibideko hiru mila euroko kostua ere ordaindu beharko du.