Natalia Mellado ‘Cine de Barrio'n azalduko da

elgoibarren.net 2011ko mar. 16a, 14:22

 
Cine de Barrio telebista saio ezagunean parte hartuko du Natalia Melladok zapatu honetan. Juanita Reina abeslari eta antzezlea omenduko dute saioan eta haren omenez Una Cantaora pieza kantatuko du abeslari elgoibartarrak. Gainera, orain gutxi estreinatu duten Antologia de la copla ikuskizunaren gainean elkarrizketa labur bat egingo diola Concha Velasco aurkezleak aurreratu du Nataliak.



 "La novia de Juan Lucero" filma emango dute zapatu arratsalde honetan TVE1-eko Cine de Barrio saio beteranoan -1995ean aireratu zuten-. Juanita Reina Koplaren Erregina da filmeko protagonista, eta haren heriotzaren hamabigarren urteurrena betetzen dela-eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diote Cine de Barrio saiokoek. Horiek horrela, Natalia Mellado eta Sylvia Pantoja gonbidatu dituzte saiora, Juanita Reinak ezagun egin zituen abesti bana abestera. La Lola se va a los puertos filmeko Una Cantaora abestia eskainiko du elgoibartarrak.

‘Antologia de la Copla’

1706639129563 Natalia Mellado ‘Cine de Barrio'n azalduko da

Ikuskizun berria, Antologia de la Copla izenekoa, estreinatu berri du Natalia Melladok Manolo Escobar, Carlos Vargas eta Siylvia Pantojarekin batera. "Izenak ongi adierazten duen moduan, koplarik ezagunenen errepasoa egiten dugu eta gure ondotik joan diren zenbait kopla abeslari ere omentzen ditu ikuskizunak: Manolo Caracol, Lola Flores edo Rocio Jurado, besteak beste", azaldu du artista elgoibartarrak.
 Madrileko Gran Vian, Coliseum antzokian, estreinatu zuten ikuskizuna joan den asteburuan. "Izugarria izan da horrelako leku esanguratsuan abestea. Are gehiago eszenatoki gainean 30 musikari izan ginela kontutan hartuta". Horrelako ikuskizun bateko kartel burua izatea "aurrerapauso handia" izango dela 14 urterekin hasi zuen artista karreran uste du: "Madril guztitik ikus zitezkeen karteletan nire izena eta argazkia Manolo Escobar, Sylvia Pantoja edo Carlos Vargas moduko artisten ondoan ikustea berezia izan da oso", aitortu du.
 Datozen hilabeteetan Espainia guztia zeharkatuko du Nataliak  ‘Antologia de la Copla’ ikuskizunarekin. Maiatzaren 6, 7 eta 8an ailegatuko da Bilbora, Campos Eliseos Antzokira, hain zuzen ere.

Madrileko Coliseum Antzokian eskaini zuten ikuskizunaren une bat.

Natalia Mellado, Carlos Vargas, Manolo Escobar eta Sylvia Pantoja.