Elgoibarko enpresak ageri diren 1966ko filma emango dute Lanbide Heziketaren Astearen barruan

elgoibarren.net 2011ko mar. 16a, 16:25

 
“Pelikula bezala ez da oso ona, baina dokumentu historiko moduan balio handia dauka”, adierazi du Jesus Bilbaok ‘Erreminta makinaren gaurkotasuna’ (1966) filmaren inguruan. Erreminta makinaren industria eta Lanbide Heziketa izenburua izango duen zine-forumean eskainiko dute filma hori, martxoaren 23an, Makina Erremintaren Museoan. Elgoibarko zenbait enpresa eta langile ageri dira bertan, eta baita Txarriduna jatetxea ere. Filmaren emanaldiaren ostean, mahai ingurua egingo dute.


Mahai ingurua

  Lanbide Heziketaren garrantzia atzo, gaur eta bihar izango da filmaren emanaldiaren ostean mahai inguruan aztertuko duten gaia. Honako hauek parte hartuko dute bertan: Luis Mari Iriondo, Joseba Konde, Manuel Zabala, Julen Zabaleta, Mari Axun Larrañaga, Joxean Egaña. Elgoibarko Udalak, Makina Erremintaren Museoa, IMH eta MEKArekin batera, Lanbide Heziketaren Astearen barruan, antolatutako ekitaldia da honakoa.
  • Zine-forum-a martxoaren 23an, eguaztena, izango da, 17:00etatik aurrera Makina Erremintaren Museoan.
1966ko filma
  Mahai inguruaren aurretik, Erreminta makinaren gaurkotasuna filma ikusi ahal izango dute Makina Erremintaren Museora hurbiltzen direnek. Angel Ajuriak 1966an zuzendutako filma honek ezkon berria den atzerritar teknikari baten gora beherak kontatzen ditu. Bilboko Erreminta Makinaren Biurtekoan parte hartzera eta Erreminta Makinaren Euskal Industriari buruzko txosten bat prestatzera etorriko da teknikari hori Euskal Herrira. Eta, erreminta makinaren inguruko filma izanik, Elgoibar eta bertako zenbait enpresa: Jarbe, Arriola y Co., e.a. ageri dira ordubete eta 20 minutuko film luzean. Baita elgoibartar bat baino gehiago ere, tartean mahai inguruan parte hartuko duen Julen Zabaleta.
Txarridunan mozkortu
 Filmeko protagonista eta bere emaztea Txarriduna jatetxera nola joaten diren ere ikus daitekeela aurreratu du Jesus Bilbaok zine-forumaren aurkezpenean: “Gehiegi edan eta mozkortu egiten da emaztea. Bezeroen artean zenbait elgoibartar ikus daitezke. Pena da, baina Txarriduna bera ez da agertzen, beti bezeroekin egoteko ohitura zuen arren”. Erreminta makinaren historia gustuko dutenentzat galdu ezineko zita dela gaineratu du Bilbaok. “Eta beste askok ezusteko ederren bat har dezake, ezagunen bat ikusi dezaketelako edo bateren batek bere burua ere bai, beharbada".

Lehen zine-forum-a 1958an
  Elgoibarren zine forumak egitearen ohitura, bestalde, ez dela gaur goizekoa gogoratu du Bilbaok: “Akorduan daukat 1958. urtean egin zela estreinako zine forum-a Elgoibarren”. Eta eskaini zuten filmaren izenaz ere akordatzen da: “Vivir en Paz zeukan izenburua eta Elias Kerejetak eta Luis Ezeiza etorri ziren filma hartaz berba egitera".
  Espainiako Makina-Erreminten Elkarteak (AFM) berreskuratu du Euskadiko Filmategitik ‘Erreminta makinaren gaurkotasuna’ filma. Elgoibarrera, berriz, AFMn jubilatu berria den Jose Mari Barrutiaren bitartez ailegatu da zinta hori. DVD formatuan iritsi ere, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Diputazioak jarritako diruari esker zaharberritu baitute 1966ko pelikula, aurkezpenean jakinarazi dutenez.